Politika -

Asanblada Nazionala

'Macron legea' onartzeko Parlamentua saihestu du Frantziako Gobernuak

Manuel Vallsen Exekutiboaren ahultasuna agerian geratu da; izan ere, lehen ministroak Konstituzioaren ezohiko artikulu bat erabili behar izan du liberalizazio legea onartzeko.

Manuel Valls Frantziako lehen ministroa Asanblada Nazionalean. Argazkia: EFE
Manuel Valls Frantziako lehen ministroa Asanblada Nazionalean. Argazkia: EFE
Manuel Valls Frantziako lehen ministroa Asanblada Nazionalean. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Gobernuaren ahultasuna agerian geratu da gaur; izan ere, Manuel Valls lehen ministroak Konstituzioaren ezohiko artikulu bat erabili du ekonomia liberalizatzeko ‘Macron legea’ onartzeko. Horrela, Asanblada Nazionalari iskin egin dio Exekutiboak.

“Erantzukizunak guztiz eta erabat bere gain hartu ditu Gobernuak interes orokorraren alde egiteko”, adierazi du Vallsek Asanblada Nazionaleko 577 diputatuen aurrean. Konstituzioaren 49.3 artikulua baliatu du Exekutiboak bozketa saihesteko. Artikulu hori 2006an azkenekoz erabili zuten.

Bozketa estua izan behar zuela bazekien lehen ministroak eta horregatik ezohiko Ministroen Kontseilu deitu du Vallsek. Saioa hasi baino gutxi lehenago Francois Hollande presidenteari telefonoz deitu dio lehen ministroak.

Diputatuen arteko mezuak aztertu eta azken zenbaketa bat egin eta gero, babes nahikorik lortuko ez zuela esan dio Vallsek Hollanderi. Horrela gauzak, 49.3 artikulua erabiltzeko baimena eman dio presidenteak lehen ministroari.

Zentsura-mozioa

Horrela, lege-proiektua lehen irakurketan onartuko du behe-ganberak (tramitazio parlamentarioak Senatuan jarraituko du), oposizioak 24 orduren buruan zentsura-mozioa aurkezten ez baldin badu.

Nicolas Sarkozy estatuburu ohiaren UMP kontserbadoreak berehala zentsura-mozioa aurkeztu du. Zentsura-mozioak segur aski ez du aurrera egingo, baina bozketa ostegun honetan egingo dute.

Zentsura-mozioa atzera botatzen baldin badute, lege-proiektua onartuta geratuko da. Horrela, zonalde turistikoetan ordutegia luzatzeko aukera izango dute dendek igandeetan (17:00etatik 00:00etara arte), eta sektore batzuen liberalizazioa ahalbidetuko du araudiak, autobusen garraio publikoa esaterako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Frantzia albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Frantziako Gobernua