Politika -

Osoko bilkura Legebiltzarrean

Maroto: 'Batzuk Lanbidera doaz goizean, eta delituak egitera, gauean'

PPk gizarte laguntzen arloan aurkeztutako ekimena baztertu egin dute gainerako taldeek, eta Gasteizko alkatea "xenofobo", "populista" eta "zinikoa" dela salatu dute.

Legebiltzarrak atzera bota du pentsio igoerarako PPren proposamena

1:48

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Javier Maroto Gasteizko alkate eta PPko legebiltzarkideak Lanbidek diru-sarrerak bermatzeko laguntzaz egiten duen "kudeaketa txarra" salatu du gaur Eusko Legebiltzarrean. "Batzuk Lanbidera joaten dira goizean, eta delituak egitera, gauean", nabarmendu du pentsiodunei diru-sarrerak bermatzeko errenta hilean 50 euro igotzeko proposamenaren defentsan.

Gainerako taldeek PPko buruzagiaren jarrera kritikatu dute, "xenofoboa", "populista" eta zinikoa" izatea egotzi diote, eta Alderdi Popularrak aurkeztutako proposamenaren kontra bozkatu dute. PSE-EEk eta UPyDk ekimenari aurkeztutako osoko zuzenketek ere ez dute aurrera ateratzeko boto nahikorik jaso.

Marotoren hitzetan, euskal herritarren elkartasuna "ez zaie gehien behar dutenei heltzen" eta datuek hala erakusten dutela azpimarratu du. Horren hitzetan, "diru-sarrerak bermatzeko laguntzaren gehiegizko erabilera egiten dute batzuek, iruzurra egiten dute. Batzuk Lanbidera doaz goizean, eta delituak egitera, gauean". Egoera hori "Lanbideren kudeaketa txarrak" eta "iruzurrean maisu den jendeak" eragiten dute, PPko alkatearen aburuz.

"Lotsagarria da Kutxabankeko presidenteari 800.000 euro kobratzen uztea, eta pentsiodunei 800 euro ordaintzea galaraztea", leporatu dio Marotok EAJri. Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu berriari, berriz, "pil-pilean dagoen gai horren aurrean" zerbait esan beharko duela esan dio.

Kritika zaparrada

Amaia Arregi (EAJ) legebiltzarkidearen iritzian, PPk pentsioen igoera defendatzea "lotsagarrikeria" da, Rajoyren gobernuak "kontrakoa" egin baitu.

EH Bilduko Eva Blancok, bestalde, hitzaldi "zinikoa, hipokrita eta xenofoboa" egitea egotzi dio Marotori. "Alderdi Popularrari bost axola zaizkio pentsiodunak. Talde ahul batez probetxua ateratzen ari dira maiatzean botere aulkia eskuratzeko. Itsusia eta zekena da, baina argi geratzen da nork duen hemen aurpegi gogorra", adierazi du.

Jose Antonio Pastor sozialisten bozeramaileak uste du Maroto "antxume larruz jantzita" joan dela Legebiltzarrera, "Euskaditik kanpo jaiotako txiroak eta Euskadin jaiotakoak aurrez aurre jartzeko".

Gorka Mainerok (UPyD) ere hitz gogorrak izan ditu Gasteizko alkatearentzat, eta "demagogoa eta populista" izatea egotzi dio. Maneiroren ustez, "botoak eskuratzeko asmoa baino ez du Marotok", eta PPko kidearen "adierazpen arrazista eta xenofoboek helarazi nahi duten mezua da pentsioak etorkinen erruagatik direla txikiak".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Alderdi Popularra Eusko Legebiltzarra