Politika -

Caja Madrid

Andreu epaileak 'B txartelen' erabiltzaile guztiak inputatu ditu

Beste 78 lagun inputatu eta, horiei, aurrez inputatuta zeuden Rato, Blesa eta Sanchez Barcoj gehitu behar zaizkie.

Rodrigo Rato da "B txartelen" auzian inputatuetako bat. Artxiboko irudia: EFE
Rodrigo Rato da "B txartelen" auzian inputatuetako bat. Artxiboko irudia: EFE
Caja Madrid eta Bankiako 78 kargudun, inputatuta

1:28

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epaileak beste 78 lagun inputatu ditu Caja Madrideko "B txartelen" auziarekin lotuta. 78 inputatu horiei, aurrez inputatuta zeuden Rodrigo Rato eta Miguel Blesa presidente Caja Madrideko presidente ohiak eta Ildefonso Sanchez Barcoj zuzendaritzako kide ohia gehitu behar zaizkie. Halaber, epaileak inputatuetako 27 lagun deklaratzera deitu ditu otsailaren 27an.

Andreu epaileak inputatuetako 10 lagun deklaratzera deitu ditu hilaren 16an: Jose Antonio Moral Santin, Jose Maria Arteta, Juan Jose Azcona, Pedro Bedia, Rodolfo Benito, Gerardo Diaz Ferran, Ramon Espinar, Guillermo R.Marcos, Gonzalo Martin Pascual eta Ignacio de Navasqües. Halaber, hurrengo egunean deklaratu beharko dutenak hauek dira: Jesus Pedroche, Alberto Recarte; Jose María de la Riva, Antonio Romero, Ricardo Romero de Tejada, Estanislao Rodriguez Ponga, Francisco Baquero, Jose Manuel Fernandez Norniella, Mercedes Rojo eta Virgilio Zapatero.

Gainera, otsailaren 18an epailearen aurrean deklaratzeko deituta daude Maria Enedina Alvarez, Luis Blasco, Maria del Carmen Cafranga, Arturo Fernandez, Jorge Gomez, Javier Lopez Madrid eta Jose Ricardo Martinez Castro.

Bestalde, Andreuk lekuko gisa deklaratzeko deitu ditu otsailaren 20an Jaime Terceiro presidente ohia, inoiz "B txartelak" erabili ez zituzten lau zuzendaritzako kideak (Francisco Verdu, Feliz Manuel Sanchez, Iñigo Maria Aldaz eta Esteban Tejera) eta Iñaki Azaola, auzia argitara eman zuena eta Bankiako barne auditoriako zuzendari korporatiboa zena. Halaber, Enrique de la Torre Kontseiluko idazkari izan zenak ere egun berean lekuko gisa hitz egin beharko du epailearen aurrean.

Epaileak gaur jakinarazitako autoan, azpimarratu du "funtsezkoena" kreditu txartelak kontseilariei eta zuzendaritzako kideei zergatik igorri eta banatu zitzaizkien argitzea dela. Andreu epailearen esanetan, horregatik bereizi ditu administratzaileak eta zuzendaritzako kideak.

Andreuren iritziz, "zalantza handiak" daude txartel horiekin ordaindutako gastuen inguruan eta, horregatik, argitu nahi du ordezkaritza gastu gisa edo aparteko ordainsari gisa igorri ziren. Kasu horretan, dirua bidegabe jabetzea edo administrazio desleiala litzateke.

Autoan azaltzen duenez, ordezkaritza gastuei aurre egiteko enpresa txartelak baldin baziren, ez dago gai horri lotutako kontraturik, estatutu aurreikuspenik eta ezta aginte organuen erabakirik ere. Gainera, epaileak azpimarratu du ordezkaritza gastuetan aurreikusten ez diren gauzetarako erabili zirela txartelak eta, ondorioz, "ordainketa irregularra" izan zela. Erabiltzaileak hilero gastatzeko muga bat zeukan, baina, gero, ez zeukan gastuak justifikatzeko inolako beharrik. Horrez gain, Bankiak jakinarazi zuen txartel horiez gain kontseilariek edo exekutiboek beste enpresa txartel bat erabilgarri zutela. Hori dela eta, Andreu epaileak zalantzan jartzen du "b txartelak" enpresa txartelak zirenik.

Dena dela ere, ordainketa gisa kontuan hartuak izango balira ere, (aurrez deklaratu zuten hiru inputatuek esan bezala) epaileak ez du ulertzen zergatik erabiltzaile batzuek ez zuten txartela erabili edota zergatik gehienek ez zuten beraiei esleitutako diru guztia gastatu. Azkenik, dirua itzuli duten erabiltzaileen izen-abizenak eta diruaren zenbatekoaren berri emateko eskatu die epaileak Caja Madrid Fundazioari eta Bankiari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea