Politika -

Erabaki judiziala

Beñat Aginagalderen absoluzioa bertan behera utzi du Gorenak

Aginagalde 2008an epaitu zuten Isaias Carrasco hiltzea egotzita baina froga nahikoa ez zegoela eta, absolbitu egin zuten.

Beñat Aginagalde, 2008ko epaiketan. EiTB
Beñat Aginagalde, 2008ko epaiketan. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Beñat Aginagalde ETAko presoa Isaias Carrascoren hilketagatik berriro epaitzea erabaki du Auzitegi Gorenak, Auzitegi Nazionalak 2008an emandako absoluziozko epaia bertan behera utzita.

2008ko martxoan epaitu zuten Aginagalde Arrasateko zinegotzi ohiaren hilketagatik, eta absolbitu egin zuten, froga faltagatik. Gaur kaleratutako autoan, epaiketa berriz egitea agindu dio Gorenak Auzitegi Nazionalari, beste epaimahai bat osatuta.

Gorenaren ustez, babes judizial eragingarriaren eskubidea urratu zen 2008ko epaiketan, akusatuaren lekuko batek egindako identifikazio bat froga gisa baztertzeagatik. Carrascoren familiak helegitea aurkeztu zuen froga hori onartu izan balitz, Aginagalde zigortu ahal izango zela argudiatuta. Fiskalak ere bat egin zuen orain Gorenak bere egin duen argudioarekin.

Kontrako iritziak

Ebazpenean Perfecto Andres Ibañez eta Alberto Jorge Barreiro epaileen kontrako iritziak jaso dituzte. Ibañez absoluzioa berrestearen aldekoa da, eta Barreirok, gehiengoaren ustekoa bada ere  -babes judizialik ez zela egon iritzita-, babes gabezia beste gauza batek eragin zuela uste du, hain zuzen, Auzitegiko areto bereak epaitu zuelako, beste ezberdin batek egin beharrean.

Aurreko abenduan egindako saioan, Ministerio Publikoak bat egin zuen Carrascoren alargunak eta hiru seme-alabek egindako eskaerarekin. Orduan, auzia Auzitegi Nazionalera berriz igortzeko eskatu zuten, beste epaile batzuek epaiketa errepikatu zezaten, zantzuak “behar bezala” aztertzeko.

Gorenak bi akusazioen arrazoiak ontzat hartu ditu, babestutako lekuko batek egindako errekonozimendua (ustez tiroak bota zituen egilearekin “begirada elkar gurutzatu” zuten) baztertu zuen, “ikerketa ekintza soil bat” izan zelako, eta ez akusazioa egiteko proba bat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskadi Ta Askatasuna albisteak Epaiketak albisteak