Politika -

Gosari informatiboa

Euskadiren 'izaera nazionala' jasoko lukeen ituna eskatu du Urkulluk

Madrilen, gosari informatibo batean, hitzarmen berri bat eskatu du Urkulluk, egungo estatu autonomikotik estatu “plurinazional” izatera igarotzeko.

Iñigo Urkullu, Madrilen egindako gosari informatiboan. EFE
Iñigo Urkullu
Euskadirentzat kontzertu politikoa eskatu du lehendakariak

1:45

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiren "izaera nazionala" onartuko lukeen hitzarmen "aldebikoa" eskatu dio Iñigo Urkullu lehendakariak Espainiako Estatuari. Akordio horretan, botere judizialaren banaketa eta euskal kanpo-politika jasota egon beharko liratekeela gaineratu du Urkulluk.

Madrilen, gosari informatibo batean, hitzarmen berri bat eskatu du Urkulluk, egungo estatu autonomikotik estatu "plurinazional" izatera igarotzeko.

Euskal nazionaltasuna espresuki onartuko luke akordio berri horrek, baita "erabakitzeko gaitasuna" ere.

Hala ere, "inkomunikazioa" nagusi dela kritikatu du eta erabaki politikoei heltzeko "elkarrizketa politikorik" ez dagoela kritikatu du. Urkulluk azaldu duenez, bost aldiz batzartu da Mariano Rajoy Espainiako presidentearekin (lau aldiz ez dute bilera horien berri eman), eta ez dute "ezertan" aurrera egin. Lehendakariaren aburuz, Madrilek "jarrera erabat zentralizatzailea du, eta konpetentziak urratzeko asmo argia".

EAEko gobernuburuaren ustez, Estatutua guztiz garatuta eta Euskadiren eskakizunak modu "zintzoan" erantzunda, EAEko Estatus Politiko berria Konstituzioa moldatu gabe eratu liteke.

Barcenasi ezarritako fidantza, "eskandalagarria"

Luis Barcenas PPren diruzain ohia kartzelatik irteteko Auzitegi Nazionalak ezarritako 200.000 euroko fidantza "eskandalagarria" dela esan du Urkulluk, eta Espainiako Justiziaren funtzionamenduaren erakusgarri dela salatu du.

Lehendakariaren aburuz, "ez da onargarria, ezta egokiena ere", krisi politiko eta instituzionala bete-betean dagoen garaian fidantza hori ezartzea.

Urkulluren iritzian, "politikariek oso berandu erreakzionatu dute". "EAJk, ordea, urteak daramatza kargudunei herritarren aurrean gertutasuna eta gardentasuna erakustea eskatzen", eta horrek Euskadin ustelkeria kasurik ez izatea ekarri du, horren esanetan. Ustelkeria politikoaz ari garenean, ezin da denera zabaldu, "bidegabea, delikatua eta arriskutsua baita", azaldu du.

Une politiko nahasi honek monarkiari zuzenean eragiten diola iritzita, estatu ereduaren inguruko gogoeta eskatu du Urkulluk. Izan ere, egungo gizartearen "zati handi batek" ez du 1978ko gizartearekin zerikusirik, argudiatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Urkullu albisteak