Politika -

Zigor kodea

Bizi osorako espetxe-zigorra onartu du PPk

Diputatuen Kongresuak Zigor Kode berria onartu du Alderdi Popularreko diputatuen aldeko botoekin. Testua Senatura helduko da orain. Tramitazioa hasi zenetik urte eta lau hilabete igaro dira jadanik.

Rafael Catala Justizia ministroa Diputatuen Kongresuan. Argazkia: EFE
Rafael Catala Justizia ministroa Diputatuen Kongresuan. Argazkia: EFE
Zigor Kodearen erreforma onartu du Rajoyren Gobernuak Kongresuan

3:08

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diputatuen Kongresuak Zigor Kode berriari babesa eman dio gaur. Testua “lardaskeria” dela salatu du oposizioak; izan ere, “biziarteko kartzela” barneratzen du kartzelaldi iraunkor berrikusgarriaren bidez. Hala ere, PPk arauaren konstituzionaltasuna defendatu du; izan ere, Estatuko aholku organo guztien bermea du.

Honenbestez, Ganberak Zigor Kode berria onartu du Alderdi Popularreko diputatuen aldeko botoekin soilik. Testua Senatura helduko da orain. Tramitazioa hasi zenetik urte eta lau hilabete igaro dira jadanik. Justizia Ministerioaren proiektu nagusia da legealdi honetan.

Eztabaidan, oposizioak erreformaren funtsa eta forma gogor kritikatu ditu. Zigor Kode berria “errepresiboa, populista eta beharrezkoa” ez zela esan dute oposizioko bozeramaileek. Gainera, tramitazioa “bidegabekeria” izan dela salatu dute. PPk akusazio guztiak ukatu ditu. Horrela, 2010eko erreformak (PSOE) eman zituen pauso guztiak errepikatu dituztela gogorarazi du Alderdi Popularrak.

Ustelkeriaren aurkako borroka

Kartzelaldi iraunkor berrikusgarria, sexurako adostasun-adinaren igoera (13 urtetik 16 urtera) eta ustelkeriaren kontrako neurri “eskasak” kritikatu dituzte taldeek. Erreforma “ezinbestekoa” zela esan du PPk; izan ere, ustelak eta “krimen higuingarriak” egin dituzten gaizkileak jazartzeko balioko du.

Zigor Kodean ustelkeriari aurre egiteko barneratu dituzten neurriak “nahikoak” ez direla izango uste du oposizioak. Dirua itzultzen ez duten zigortuei baldintzapeko askatasun ukatzen die erreformak. Bestalde, 500.000 euro arteko legez kanpoko dohaintzak isunekin zigortuko ditu Zigor Kodeak, eta espetxe-zigorrekin gainerakoak.

Berritasunen artean, animalien “sexu-esplotazioa” (zoofilia) zigortuko du Zigor Kodeak. Bestalde, Gobernuak Kongresuari ukatutako eta emandako indultuen berri eman beharko dio sei hilabeterik behin.

Grebarako bortxa delitua mantentzen du testuak, nahiz eta oposizioak bertan behera uztea eskatu. Hala ere, espetxe-zigorrak ez ditu aurreikusten Zigor Kodeak, isunak baizik. Zentzu horretan, enpresaburuek piketeek baino isun handiagoak izango dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea