Politika -
Dimisioa
Iruñeko alkateak onartu egin du udaltzainburuaren dimisioa
Dimisioa onartu eta biharamunean, udaltzainburuaren "profesionaltasuna eta zorroztasuna" nabarmendu ditu Enrique Maya alkateak. Zazpi delitu leporatzen dizkiote Simon Santamariari.
Erredakzioa
Enrique Maya Iruñeko alkateak Simon Santamaria Udaltzaingoaren buruaren dimisioa onartu zuen atzo. Zazpi delitu leporatzen dizkiote Santamariari, "mehatxuak eginez eta indarkeria, lan-bazterkeria eta botere gehiegikeria erabilita, langileen eskubideak zapaltzeagatik".
Santamariaren dimisioa onartu eta biharamunean, udaltzainburuaren "profesionaltasuna eta zorroztasuna" nabarmendu ditu alkateak. Haren ordezkoa Alfonso Fernandez Torres Iruñeko Udaltzaingoaren komisarioak hartuko duela jakinarazi du.
Udalean gaur egin duten osoko bilkurara sartu aurretik, Mayak esan du ez zuela espero dimisioa, baina aukera hori aztertzen ari zela bazekiela gaineratu du, bileraren batean horretaz hitz egin zutelako. Kargua uztekotan ordezko posibleen izen-abizenak proposatzeko eskatu zion alkateak Santamariari.
"Hainbat proposamen aurkeztu zituen, eta ordezkoa nor izango zen adostu genuenean, erabakia ofizial egin genuen", azaldu du alkateak. Santamariaren dimisioa emateko aurkeztu duen gutunean, erabakiaren atzean "arrazoi pertsonalak" daudela esan du alkateak. Horren inguruko adierazpenik ez du egin.
Udaltzainburuaren eta bere taldeko hainbat langileren arteko ika-mikek ez dute zerikusirik izan erabaki horretan, alkatearen esanetan.