Politika -
Nafarroa
Nafarroako aldaketa soziala gidatzea du helburu Podemosek
Nafarroako udalerrietako idazkari nagusiek baieztatu dute posible dela beste gizarte eredu bat eraikitzea, elkarbizitzan, integrazioan eta errespetuan oinarrituta egongo dena.
Erredakzioa
Podemos-Ahal Dugu alderdiak Nafarroako udalerrietako idazkari nagusiak aurkeztu ditu larunbat honetan, eta ordezkariek aurkezpenean nabarmendu dute Nafarroan aldaketa soziala gidatzeko helburua dutela. Halaber, "ustelkeriak apurtutako" erakundeenganako konfiantza berreskuratzeko konpromisoa ere berretsi dute.
Nafarroako hiritarrei zuzendutako gutun irekian, ordezkariek azpimarratu dute posible dela beste gizarte eredu bat eraikitzea, elkarbizitzan eta integrazioan, pertsonekiko errespetuan eta oinarrizko zerbitzuen horniduran oinarritua (ura, argia, janaria, arropa, berogailua, etxebizitza eta kultura).
"Urte askoan gure gizartea zatitu duten liskarrak gainditzeko apustua egiten dugu. Gure aniztasunarekiko eta sinismenekiko errespetutik elkarrekin bizi gaitezke, eta gure kulturaz eta folkloreaz harro egon behar dugu munduan bakarrak direlako", adierazi dute.
"Ordezkarien ekintzak eta erabakiak baloratzeko, pertsonek duten heldutasunean, zintzotasunean eta gardentasunean konfiantza izan dezakegu", gaineratu du.
Podemos-Ahal Duguk azaldu duenez, bere proposamena "oso argia" da: pertsonei boterea ematea, Gobernuaren ekintzei gardentasuna ematea eta Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala bermatzea lurralde bakoitzean.
Buruzagi autonomikoen aukeraketa
Herrietako idazkari nagusiak eta kontseiluak aurkeztu ondoren, Podemos-Ahal Duguk "prozesu irekia eta hiritar guztiei irisgarria" ireki du Nafarroako buruzagi autonomikoak aukeratzeko.
Urtarrilaren 7tik 26ra bitartean Hiritarren Kontseilua aukeratzeko hautagaitzak eta Nafarroako Podemoseko idazkari nagusi kargurako hautagaiak aukeztuko dira, urtarrilaren 26tik otsailaren 8ra bitartean, barneko hauteskunde kanpaina egingo da, eta otsailaren 8tik 13ra bitartean bozketak egingo dira.
Azkenean, otsailaren 14an, aukeratutako hautagaitzak ezagutaraziko dira.