Politika -

Bileraren balorazioa

PSE bat dator Masekin eta Urkullurekin bizentralizazioarekiko jarreran

Hala ere, bi agintarien hitzaldiaren ‘’biktimismoa’’ kritikatu du Idoia Mendiak. Sozialisten buruak uste du hobe litzatekeela proposamenak ‘’positiboan’’ egitea, ‘’Espainian demokrazia hobetzeko’’.

'Birzentralizazioaren aurka dago PSE, Urkullu eta Mas bezalaxe'

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak astelehen honetan esan du bat datorrela Iñigo Urkullurekin eta Artur Masekin Espainiako Gobernuak egindako ‘bizentralizazioaren’ kontrako jarreran; hala ere, Mendiak kritikatu egin du politikaren desprestigioa dela-eta agintariek azaldutako ‘’biktimismoa’’.

Bilbon prentsaurrekoa eman du Mendiak, Euskadiko sozialisten buru gisa egindako lehen ehun egunak baloratzeko. Bertan, azpimarratu egin du Patxi Lopezen Gobernuak bere garaian ''eskumenen inbasioen'' kontra aritu zela, eta, ondorioz, ''jarraikortasunaren bideari eustea'' dela EAJ egiten ari den gauza bakarra. Iñigo Urkulluk eta Artur Masek atzo Gasteizen egindako bileraz galdetuta, Mendia bat etorri da bi agintariek berzentralizazioaren kontra igorritako mezuarekin, eta sozialistek jarrera hori aurretik ere agerian utzi dutela nabarmendu du. ‘’Auzitegi Konstituzionalean beharrezkoak ziren helegite guztiak jarri genituen’’, gaineratu du.

Politikaren ospe-galera

Egun herritarren artean gero eta handiagoa den politikaren ospe-galderaz eta Urkulluk eta Masek salatutako ustelkeria kasuez, Mendiak adierazi du, ''biktimismotik haratago'', beharrezkoa direla ‘’Espainiako demokrazia hobetzeko modu positiboan egindako proposamenak’’.

Konstituzioaren erreforma

PSE-EEko idazkaria ‘’akordio konstituzionala berritzea’’ren eta ‘’lurraldearen eskema’’ hobetzearen alde azaldu da. Edonola ere, ohartarazi du Euskadiko sozialistentzat Kontzertu Ekonomikoa ‘’marra gorri’’ bat dela.

Bakegintza

Bakegintza eta elkarbizitza mailan, Mendiak azpimarratu du biktima guztiak berdinak direla denak beren sufrimenduan, baina sufrimendu hori eragin zuten biolentziak oso ezberdinak direla. Halaber, esan du ez duela ulertzen ‘’batzuek’’ onartu nahi ez izatea ‘’ETAren terrorismoak zein Estatuarenak ez zutela inoiz existitu behar izan’’.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak Espainiako Gobernua albisteak Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariordea