Politika -
Profila
Eduardo Torres-Dulce, zinemagintzan trebatutako fiskal nagusia
Azken hiru urteotan, 2011ko abendutik, Estatuko fiskal nagusia izateagatik da ezaguna Eduardo Torres-Dulce, baina tartean irakasle eta zinema-kritikari lanak ere egin izan ditu.
I.G. / EITB.EUS
Azken hiru urteotan, 2011ko abendutik, Estatuko fiskal nagusia izateagatik da ezaguna Eduardo Torres-Dulce, baina tartean irakasle eta zinema-kritikari lanak ere egin izan ditu. Izan ere, irratiko saioetan edota Telva eta El Semanal aldizkarietan aritu da kritikari moduan.
Zuzenbidean lizentziaduna Sevillan, Guadalajaran eta Madrilen aritu da fiskal moduan. Eduardo Torres-Dulce y Ruiz bere garaian Auzitegi Goreneko fiskala izan zenaren semea da.
Auzitegi Konstituzionaleko fiskala izan zen garaian, futbol partida batekin lotutako polemika baten ondorioz eman zuen dimisioa. Hugo Sanchez Real Madrileko jokalariari suspentsio bat kendu zion, talde horretako bazkidea zela. Kritika gogorrak jaso zituen, orduan, eta, horren aurrean, dimisioa ematea erabaki zuen.
Irakasle lanak ere egin ditu Madrilgo Unibertsitate Autonomoan eta Salamancakoan. Madrilgo Erkidegoko Zinema eta Ikus-entzuneko Eskolarekin elkarlanean aritu da, zinema mutuari buruzko seminarioetan parte hartzen.
Zinema-kritikari moduan, 'Cowboys de medianoche' irratsaioko kolaboratzailea izan da. Zinemaren inguruko hainbat liburu argitaratu ditu, eta Nuestro Tiempo, Nueva Lente, Contracampo, Expansión, El Semanal, Telva eta La Clave aldizkarietan ere idatzi du.
Nickel Odeon aldizkariko Erredakzio Kontseiluko kidea izan da, eta TVEko '¡Qué grande es el cine!' saioan ere aritu da. Bertan, Holmes, Madrid Suite 1890 filma estreinatu zuen. Gidoia Torres-Dulcek idatzi zuen, Jose Luis Garcirekin batera.