Politika -
Euskadi Irratia
Fernandez: 'Bizi osorako kartzela ezarri nahi badute, esan dezatela'
Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak oso larritzat jo du Espainiako Gobernuak presoen zigorren harira Europako araudia bete nahi ez izatea.
Erredakzioa
Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak, besteak beste, ETAko presoen kartzela-zigorren harira sortu den polemika izan du hizpide, gaur goizean Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan. Europako Batasuneko kartzeletan emandako urteak kontuan hartuta, joan den astean Santiago Arrozpide eta Alberto Plazaola askatzeko agindu zuen Auzitegi Nazionalak. Espainiako Gobernuak gogor kritikatu ditu kaleratzeok eta babestu egin du Fiskaltzak jarritako helegitea. Fernandezen hitzetan, "oso larria" da Espainiako Gobernuaren jarrera, Europako arautegia moldatu duelako presoen zigorrak luzatzeko. "Bizi osorako kartzela-zigorra ezarri nahi badute, esan dezatela. Alda ditzatela legeak eta Konstituzioa, baina ez dezatela tranparik egin", esan du.
Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak esan duenez, Frantziako espetxeetan egon diren ETAko preso asko daude egun Espainiako kartzeletan. "Europako araudia ezarrita, preso horiek Frantzian espetxean igarotako urteak kontuan hartuko beharko lirateke, delituek zerikusia badute. Baina Espainiako Gobernuak, PPri esker, aldaketak sartu ditu araudiaren transkripzioan, araudia bera ez betetzeko", zehaztu du.
Europan pertsona bat kartzelan 25 urtez egotea "oso arraroa" dela esan du. "Pertsona horiek noizbait kalera aterako dira, batzuk horren kontra dauden arren. Eta kontra baldin badaude, esan dezatela. Gu ez gaude bizi osorako kartzela-zigorraren alde. Birgizarteratzean sinisten dugu, eta horrek izan behar du kartzela egoteko arrazoi nagusia. Horretara bideratu behar ditugu gure indarrak, etorkizunerako eta elkarbizitzarako oso garrantzitsua delako".
Espainiako Gobernuaren kartzela-politika kritikatu du Fernandezek, eta Konstituzioak birgizarteratzeko printzipioa jasota duela gogoratu du. "ETAren indarkeria desagertu denean, birgizarteratzeari heldu behar diogu. Ez da kapritxo bat, Konstituzioak eta legediak jasotzen duten printzipio bat da", gaineratu du.