Politika -

Anexioa

Erkoreka: 'Trebiñuren ekimena posiblea eta bikaina da'

Halaber, gaineratu duenez, “maila juridikoan akatsik gabea da”; hori dela eta, “koherentzia” eskatu du, “Trebiñu Araba da”, Gasteizen ez ezik, Madrilen ere defendatzeko.

Trebiñuko gaian borondate politikoa eskatu du Josu Erkorekak

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak esan duenez, gaur, asteartea, Diputatuen Kongresuan eztabaidatuko duten ekimena (Trebiñu Arabarekin bat egiteko) “posiblea, maila juridikoan akatsik gabea eta aparta da”. Hori dela eta, “koherentzia” eskatu du, “Trebiñu Araba da” Gasteizen ez ezik Madrilen ere defendatzeko.

Erkorekak Eusko Legebiltzarrak onartutako eta arratsaldean Kongresuan eztabaidatzekoa den lege-proposamena izan du hizpide. Proposamenean, Gaztela eta Leongo eta Euskadiko mugak aldatzea eskatu dute, Trebiñu eta Argantzun Araban sartzeko.

Erkorekaren esanetan, ekimena “bestelako aurreikuspen juridiko batzuetan oinarrituta dago”, ez dutelako proposatu leku batek erkidego batekin bat egitea; “probintzien mugak aldatzeaz ari gara”, eta horren eskumena Gorte Nagusiei dagokie.

“Aukera bat da, legezkoa, eta legediaren babes osoa dauka”, azaldu du Erkorekak, eta aukera hori “posiblea, maila juridikoan akatsik gabea eta aparta da”, gaineratu du.

Jaurlaritzaren bozeramailearen esanetan, ekimena Legebiltzarrean adostutako proposamenetik abiatu zen, eta Jaurlaritzaren nahia da Kongresuan aintzat hartzea eta legea egitea.

PPk kontrako jarrera hartuko duela ikusita (hala bada, ekimena oztopatuko luke), “koherentzia” behar-beharrezkoa dela esan du Erkorekak. “Gasteizen ‘Trebiñu Araba da’ esaten badugu, eutsi egin behar diogu horri maila politikoan eta erakunde artean. Beraz, Gasteizen ‘Trebiñu Araba da’ entzuten bada, Madrilen ere entzun behar da”, nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua azken ordukoa Araba Eusko Jaurlaritza