Politika -

Akordioa

EiTB eta Jaurlaritza lankidetzan, Bake eta Bizikidetza Plana garatzeko

Besteak beste, dokumental sail bat ekoitziko dute, eta bake eta bizikidetza prozesuetan komunikazio-taldeen egitekoa aztertzeko jardunaldiak egingo dituzte.

Maite Iturbe eta Jonan Fernandez. Argazia: eitb.eus
Maite Iturbe eta Jonan Fernandez
Bake eta Bizikidetza garatzeko EiTBren eta Jaurlaritzaren hitzarmena

EiTB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusiak eta Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak Bake eta Bizikidetza Planaren ekintza-ardatzak adostea, diseinatzea eta garatzea xede duen lankidetzarako hitzarmena sinatu dute gaur (urriak 31).

Biek azpimarratu dute izenpetutako itunaren garrantzia. "Lankidetza hitzarmena beste pauso bat da bakea eraikitzeko ereduaren baitan, eredu hori lankidetza publiko eta sozialean oinarritzen baita", esan du Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak.

Hartara, itunaren arabera, EiTBk euskal gizartearen akordio sozial eta politikorik garrantzitsuenek bultzatutako xede etiko eta demokratikoekin konpromisoa hartuta duen ildo editoriala garatzen jarraituko du. Xede horiek hiru ardatz dituztela azpimarratu du Fernandezek: "Indarkeriarik ezarekin konprometitutako kontzientzia kolektiboaren alde egin, terrorismoaren bidegabekeriaren eta pairatutako indarkeriaren aurrean; giza eskubideak defendatzearen alde egin, eta giza eskubideen urraketen biktimekiko elkartasunaren alde; eta, azkenik, bizikidetza integratzailea sustatu eta gizarte-topaketako prozesua ahalbidetu".

Zerbitzu publikoko saioak

"Zerbitzu publikoko programak egingo ditu EiTBk, betiere zintzotasunez, zorroztasunez eta objetibotasunez informatzeko eta dokumentatzeko konpromisoa hartuta, gardentasunez jokatuz eta hainbat ikuspuntu emanez", adierazi du Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusiak. Hori guztia oinarri hartuta, giza eskubideekin, biktimen arretarekin, bakearen aldeko kulturarekin, memoriarekin eta horien guztien testigantzekin lotura duten gertakarien eta berrien jarraipena egingo du. Halaber, hezkuntzaren, parte-hartzearen eta bizikidetzaren alorreko proiektuen eta gizarte-ekimenen zabalkundeaz arduratuko da.

Sail dokumentala, hamarkadaz hamarkada

Iraganari buruzko memoria kritikoaren sail dokumentala egingo du EiTBk legegintzaldi honetan. Terrorismoa, indarkeria eta giza eskubideen urraketa jorratuko dituen sail hori hamarkadaka antolatuta egongo da, 1960koan hasi eta egundaino. Halaber, Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak dokumental horiek euskal ikastetxeetan, unibertsitateetan eta liburutegien sarean banatuko ditu.

Memoriaren Egunaren eta Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren artean, hau da, azaroaren 10etik abenduaren 10era bitartean, saio bereziak eskainiko ditu EiTBk, telebista, irrati eta Interneten. "Hain zuzen ere, azaroaren 10ean Reconciliación dokumentala estreinatuko dugu. Juan Mari Uriarteren liburuan oinarrituta dago, eta, bertan, indarkeriaren biktima izan direnen lekukoak bildu dituzte. Gehienak gurasoren bat galdu zuten seme eta alaben arteko topaketak dira. Gure gizarteak biolentziaren trauma gainditzeko dituen arazoak modu xume, didaktiko eta emozional batean azaltzen ditu lan honek", esan du EiTBren zuzendari nagusiak. Garai horretan bertan, Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak giza eskubideak sustatzeko kanpaina instituzionala egingo du.

Horrez gain, bake eta bizikidetza prozesuetan komunikazio-taldeen egitekoa aztertzeko jardunaldi tekniko eta akademikoa egingo du EiTBk legegintzaldi honetan. Horretarako, Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren lankidetza eta babesa izango du.

Bestalde, akordio honetan aurreikusitako ekimenak garatzeko orduan, hedabideetan bakegintzaren eta bizikidetzaren alde lan egiteko asmoz, Europar Batasunak eta nazioarteko beste erakunde batzuek sustatutako programa espezifikoetan behin-behinean parte hartzen saiatuko da Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusia.

"Hartara, ekimen hauekin guztiekin eta gure eguneroko lanarekin, telebista, irrati eta sarean, indarkeriaren aurka kontzientzia sozial kritikoa indartzea eta giza eskubideekin ez ezik, bizikidetza demokratikoaren balioekin ere konprometituta dagoen kontzientzia sozial kritikoa indartu nahi dugu', gaineratu du Iturbek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea