Politika -

Auzitegi Nazionala

Fidantzarik gabeko espetxealdia ezarri diete Granados eta Marjalizari

Soto del Realeko kartzelan daude jada biak. Francisco Granados eta David Marjalizaren txanda izan da gaur Auzitegi Nazionalean. Epaileak ukatu egin du habeas corpus prozedura hasteko eskaera.

Granados eta Marjaliza kartzelara talde kriminaleko kide izateagatik

1:14

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eloy Velasco epaileak fidantzarik gabeko behin-behineko espetxealdia agindu du Francisco Granados Madrilgo PPko idazkari nagusi ohiarentzat eta David Marjaliza eraikitzailearentzat. Goizean deklaratu dute biek, eta arratsaldean eraman dituzte Madrilgo Soto del Real kartzelara.

Francisco Granados Madrilgo PPko idazkari nagusi ohiak ukatu egin du legez kanpoko komisioak kobratu izana eta, bestalde, Suitzan bere izenean daukan kontu-korrontea David Marjaliza eraikitzailearena dela zehaztu du. Granados eta Marjaliza astelehenean atxilotu zituzten, Púnica operazioaren baitan.

Granadosek bi ordu eta erdi eman ditu epailearen aurrean. Azaldu duenez, 1996. urtean Suitzan kontu-korronte bat zabaldu zuen baina, Valdemoroko alkate izendatu zutenean (2000. urtean), Marjalizari eman zion kontu horretako jabetza.

Kontu-korrontean zeuzkan 320.000 euroak berreskuratu zituen Granadosek orduan, baina bankuak ez zion kontua ixten utzi eta, hortaz, Marjalizari eman zion kontu horretako jabetza.

PPko buruzagi ohiak ukatu egin du Marjalizarekin negozio ala operaziorik egin izana, nahiz eta gaztarotik elkar ezagutzen duten onartu.

Punica operazioko ustezko bi buruzagiak, Francisco Granados Madrilgo PPko bigarrena eta David Marjaliza eraikitzailea, Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean izan dira gaur goizean. Marjalizak ez du deklaratu nahi izan, eta bere atxiloketa Auzitegi Konstituzionalera eramango duela iragarri du.

Atxiloketak salatu dituzte

Granadosen eta Marjalizaren emazteek atxiloketak “legez kontrakoak” izan direla eta atxiloaldia “behar ez bezala” luzatu dela salatu zuten bart. Horrenbestez, Granados eta Marjaliza “berehala” aske uzteko eskatu zuten, baina zaintzako epaileak ukatu egin du habeas corpus prozedura hasteko eskaera.

Maria Isabel Serrano Majadahondako epailearen iritziz, Granadosen atxiloketa Eloy Velascok erabaki zuenetik (asteazken arratsaldean) eta ez Guardia Zibilak atxilotu zuenetik (astelehen goizean) hartu behar da kontuan.

Marjalizaren eskaera aztertu duen epaileak ere atxiloketa-epea ez dela luzatu ebatzi du.

Asteazkenean ekin zion Velasco epaileak atxilotuei deklarazioak hartzeari. Egun horretan bertan, Granados, Marjaliza eta beste 15 atxilotu espetxera bidaltzea erabaki zuen.

Marcos Martinez Leongo Diputazioko presidentea ere espetxera bidali du epaileak, bermerik gabe.

Bestalde, Madrilgo Erkidegoko Informatika eta Komunikazio Agentziako kontseilariak eta Parlako alkateak dimisioa eman dute. Biak asteartean atxilotu zituzten, Punica Operazioaren baitan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Alderdi Popularra Ustelkeria politikoa azken albisteak