Politika -

Ustelkeria

Aguirrek lotsatuta dagoela esan eta barkamena eskatu du

Madrilgo PPren buruzagiak bere gain hartu du Francisco Granados goi-kargudun izendatzeko ardura politikoa.

Esperanza Aguirre. Argazkia: EFE
Esperanza Aguirre. Argazkia: EFE
Agirrek barkamena eskatu die madrildarrei ustelkeria kasuak direla eta

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Esperanza Aguirre Madrilgo PPren presidenteak barkamena eskatu die herritarrei eta Alderdi Popularreko militanteei, Francisco Granados goi-kargudun izendatu zuelako, eta erantzukizuna bere gain hartu du.

Aguirrek esan du "lotsatuta" dagoela, Granados eta beste 50 lagun, tartean Madrilgo sei alkate eta Leongo Diputazioko presidentea, ustelkeriagatik atxilotu dituztelako.

Azken bi urteotan obrak esleitzeagatik eskupekoak ordaindu edo kobratzen zituen sare bateko kide izatea leporatzen diete guztiei.

“Ezin dut, eta ez dut nahi, Granadosen izendapenean daukadan ardura saihestu”, adierazi du Aguirrek. Ildo berean, Madrilgo Erkidegoko kontseilari ohiaren jarreran inoiz ez duela ezer susmagarririk antzeman argitu du, ez behintzat duela hiru urtera arte, Granadosengan zuen konfiantza galdu arte.

Aguirrek erantsi du beretzat errazagoa izango litzatekeela errugabetasun-presuntzioaren aukerari heltzea, “baina herritarrak aitzakiak eta komunikabideetan egunero ikusten duten ustelkeria kasuak ikusten nazkatuta daude”.

Granados goi-kargudun izendatu izana “akatsa” izan zela esan ostean, Aguirrek nabarmendu du 90eko hamarkadan PPk hauteskunde orokorretan, autonomikoetan eta udal hauteskundeetan boterea eskuratu zuenean, “alderdi garbia” zela eta horixe izan zela, hain zuzen ere, “arrakastaren arrazoia”.

Aguirrek aitortu du popularrek ezaugarri hori galdu dutela eta bere alderdikideei lanerako deia egin die, “berriro ere alderdi garbia izateko”.

Gaur atxilotu dituzten PPko alkateei dagokienez, aukeratuak izan arte ezagutzen ez zituela esan du. Horrenbestez, Granadosen izendatzearen ardura bakarrik hartu du bere gain.

Aipatu alkateak errudunak edo errugabeak diren esatea berari ez dagokiola onartuta ere, Aguirrek azpimarratu du “karguak utzi” beharko lituzketela.

Horrez gain, Madrilgo PP kasu honetan akusazio izatea aztertzen ari dela jakinarazi du.

Amaitzeko, Angel Acebesen inputazioaz galdetuta, Aguirre erabat ziur agertu da Barne ministro izandakoak ez duela “zentimorik eraman”, eta berretsi egin du PPk Madrilen duen egoitza ez zutela diru beltzez eraberritu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea