Politika -
Katalunia
Kontsultaren kanpaina informatiboari bihar ekingo dio Gobernuak
Azaroaren 9an nork, nola eta non eman dezakeen botoa argituko dute, baina parte hartzea sustatu gabe.
Erredakzioa
Kataluniako Gobernuak larunbatean ekingo dio azaroaren 9rako (A9) antolatuta dagoen kontsulta alternatiboaren kanpaina informatiboari. Helburua informatiboa dela azpimarratu du Masen gobernuak, eta hala, galdeketan nork, nola eta non eman dezakeen botoa argitzera mugatuko dira, parte hartzea sustatu gabe.
Kanpainaren xehetasunak jakinarazi dituzte prentsaurrekoan Josep Marti Kataluniako Komunikazio idazkariak eta Joan Cañada A9ko galdeketaren koordinatzaileak. Bien eskutik jaso dute kanpainaren materiala Josep Maria Vila d’Abadal Independentziaren aldeko Udalen (katalanez, Associació de Municipis per la Independència, AMI) elkarteko presidenteak eta Miquel Buch Udalen Kataluniako Elkarteko (ACM) kideak.
Martiren esanetan, galdeketan "berme guztiekin" parte hartzeko jakin beharrekoak argitzea da kanpainaren helburua. Hala, hiruzpalau iragarki ezberdin paratuko dituzte prentsa idatzian, irratian, telebistan eta hedabide digitaletan.
'9N/2014. Tu participes, Tu decideixes' (A9/2014. Parte hartu. Erabaki) lelopean, "kanpainak ez du parte hartzerako deia egiten. Azaroaren 9ko galdeketan parte hartu nahi izatekotan, behar den oinarrizko informazioa helarazten diegu herritarrei, horretarako eskubidea dute eta", azaldu du Martik. Kataluniako Komunikazio idazkariak ez du zehaztu kanpainaren aurrekontua zein den, planifikazioa itxi gabe dutelako oraindik.