Politika -
Krisia alderdi barruan
‘Askatasuna berreskuratzeko’ UPyD utziko duela iragarri du Sosak
Duela zenbait hilabete Ciutadans alderdiarekin akordio bat prentsa artikulu batean aldarrikatu zuenetik, UPyDko zuzendaritzaren “irainak” jaso dituela salatu du eurodiputatuak.
Erredakzioa
Francisco Sosa Wagner UPyDko eurodiputatuak politika utziko duela iragarri du gaur. Horrela, “askatasuna berreskuratzeko” Europako Parlamentuaren akta eta alderdia utziko dituela esan du.
Sosa Wagnerrek prentsaurrekoa eman du Leonen. Duela zenbait hilabete Ciutadans alderdiarekin akordio bat prentsa artikulu batean aldarrikatu zuenetik, UPyDko zuzendaritzaren “irainak” jaso dituela salatu du eurodiputatuak.
Sosa Wagnerren hitzetan, “zuzendaritzaren irizpideekin bat ez datorren proposamen sinple horrek” tentsioa sortu du alderdi barruan. Horregatik, Leongo politikariak UPyD eta Estrasburgoko Ganbera uztea erabaki du.
Europako Parlamentuan, Sosa Wagnerren ordez Maite Pagazaurtundua UPyDko bozeramaile izendatu zuen Rosa Diez buruzagiak. Wagnerren ahotan, “legez kanpoko” neurri “arbitrarioa” da. Wagner barne-hauteskundeen bidez zerrendaburu hautatu zuten.
“Gomendioz hartutako” pertsona bat bere tokian jarri dutela kritikatu du. Pagazaurtundua “terrorismoaren aurkako borrokan ezaguna da”, baina “eskarmentua falta du”, adierazi du. Zentzu horretan, iragan legealdian bost urte Europako Parlamentuan eman zituela gogorarazi du Sosa Wagnerrek.