Politika -
Madril
Espainiako errege-erreginak, urriaren 12ko desfilearen buru lehenengoz
Besteak beste, Mariano Rajoyk, Pedro Morenesek, Fernando Garcia Sanchez Defentsako Estatu buruak, Ignacio Gonzalez Madrilgo presidenteak eta Ana Botella Madrilgo alkateak egin diete harrera.
Erredakzioa
Felipe eta Letizia errege-erreginak karguan daudenetik urriaren 12ko desfile militarraren buru izan dira, lehenengoz, Leonor printzesa eta Sofia infanta alboan zituztela, eta euri-tanta batzuen artean.
Rolls Royce batean heldu dira Madrilgo Neptuno Plazara, 11:00ak jota zirenean, eta ordurako milaka pertsona zeuden desfilearen zain.
Besteak beste, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak, Pedro Morenes Defentsa ministroak, Fernando Garcia Sanchez Defentsako Estatu buruak, Ignacio Gonzalez Madrilgo presidenteak eta Ana Botella Madrilgo alkateak egin diete harrera.
Bertara iritsitakoan, Errege familiak desfilea ikustera joan diren agintariak agurtu ditu. Espainiako autonomia erkidegoetako 16 buruzagi izan dira Madrilen; Artur Mas Kataluniako presidentea, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Javier Fernandez Asturiasko presidentea ez dira joan, azken horrek agenda arazoak aipatu ditu. Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentea, berriz, Madrilen izan da.
Ondoren, urteroko desfile militarra hasi da. Aurten, Espainiako Aire Armadako hegazkinen erakustaldia berreskuratu dute, azken bi urteetan, krisia tarteko, hori desfiletik kendu ostean. Erakustaldi horretan, Espainiako Aire Armadak dituen hegazkinak ikusteko aukera izan da. Erakustaldiak bi minutu inguruko iraupena izan du.
Hura amaitutakoan, ohiko lurreko desfilea hasi da.
Ekitaldi militarra amaituta, errege-erreginak Rolls Royce autoan sartu eta Errege Jauregira joan dira Estatuko goi ordezkariei eta gizarte zibileko ordezkariei harrera egiteko. Orotara, 1.500 pertsonak hartu dute parte harreran. Espainiako Gobernuko ordezkaritza zabala izan da bertan, Luis de Guindos Ekonomia ministroa, eta Soraya Saenz de Santamaria presidenteordea eta Ana Mato Osasun ministroa salbu, azken bi hauen kasuan ebolaren krisiari jarraipena egiteko bileran parte hartu behar zutelako. Espainiako Alderdi Sozialista ordezkatuz, bertan izan dira Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia eta Trinidad Jimenez ministro ohia. Gainera, Juan Miguel Villar Mir, Cesar Alierta eta Esther Alcocer Koplowitz enpresaburuez gain, gizarte zibileko hainbat ordezkari izan dira; Boti G. Rodrigo (Gay, Lesbiana, Transexual eta Bisexualen Espainiako Federazioko presidentea), tartean. Marilo Montero eta Ana Rosa Quintana kazetariak, Mireia Belmonte igerilaria eta Leticia Moreno biolinista ere bertan egon dira.
Rajoyk Masekin hitz egiteko gogoa berretsi du
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak Artur Mas Kataluniako Generalitateko presidentearekin hitz egiteko gogoa berretsi du, betiere elkarrizketa hori akordioa batera iristeko bada.
Rajoyk aitortu du ez duela Masekin hitz egin uztailaz geroztik, eta Generalitatean CiUk ala ERCk agintzen duen ez dakiela adierazi du.
Birusa Mendebaldearentzat berria dela ohartarazi du Rajoyren Gobernuak
Espainiako Gobernuak ohartarazi duenez, ebola gaixotasun berria da bai Espainiarentzat bai Mendebalde guztiarentzat. Gainera, ebolaren aurrean egindako kudeaketa defendatu du, eta Munduko Osasun Erakundeak ezarritako protokoloak bete direla baieztatu du.
Mariano Rajoy Espainiako Gobernu presidenteak lasaitasun mezua zabaldu nahi izan du igandean, eta AEBn izandako bigarren ebola kasuak Mendebaldeak birusaren gainean ezer gutxi dakiela erakusten duela gaineratu du.