Politika -

Europar Batasuna

Cañete Energia komisarioa izatea onartu du Europako Parlamentuak

Europako talde sozialistaren zati batek babesa eman dio Espainiako Nekazaritza ministro ohiari, nahiz eta PSOEk kontrako botoa ematea eskatu.

Miguel Arias Cañete Europako Parlamentuan. Argazkia: EFE
Miguel Arias Cañete Europako Parlamentuan. Argazkia: EFE
Cañete Energia komisarioa izatea onartu du Europako Parlamentuak

0:30

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miguel Arias Cañete Espainiako Nekazaritza ministro ohia EBko Energia eta Klima Aldaketa komisarioa izatea onartu dute Europako Parlamentuko Industria eta Ingurumen batzordeek. Aldeko 83 boto jaso ditu, kontrako 42 eta hiru abstentzio.

Europako talde sozialistaren zati batek babesa eman dio Cañeteri, nahiz eta PSOEk kontrako botoa ematea eskatu.

Iratxe Garcia Espainiako sozialisten buruzagia da Euroganberan. Nekazaritza ministro ohiaren aurkako botoa ematea eskatu zien Garciak alderdikideei, egindako adierazpen matxistengatik, bere familiak petrolio enpresetan dituen interesengatik eta ministroa zenean egindako klima aldaketa politikarengatik.

Azkenean, Juncker Batzordearen inbestidura errazteko sozialistek eta Europako PPk sinatutako egonkortasun ituna inposatu da. Horrela, Europako talde sozialistak Cañeteren aldeko botoa eskatu du, baina kide batzuk aurkako botoa eman dute. Besteak beste, Iratxe Garcia, Soledad Cabezon eta Jose Blanco PSOEko eurodiputatuek aurkako botoa eman dute.

Gai Ekonomikoetarako komisarioa

Bestalde, Pierre Moscovici Gai Ekonomikoetarako komisario izendatu du Parlamentuak. Cañeteren onarpenarekin sozialista frantziarraren bidea erraztu dute; izan ere, sozialistek Cañete baztertzen bazuten Moscoviciri betoa jarri behar ziotela mehatxu egin zuen Europako PPk.

Cañetek agerraldia egin zuen Parlamentuan, urriaren 1ean. Agerraldiak zalantzak utzi zituen, baina Gai Juridikoetarako batzordeak Nekazaritza ministro ohiak aurkeztutako interes ekonomikoen aitorpenari babesa eman zion.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna