Politika -
Petrolio zundaketak
Kanariar Uharteek kontsulta egingo dute azaroan 23an
Galdera "Kanariar Uharteek ingurugiro eredu turistikoa aldatu behar dute gas edo petrolio prospekzioengatik?" izango da, Paulino Riverok azaldu duenez.
Erredakzioa
Petrolio zundaketen inguruko kontsulta egiteko galdera iragarri du gaur Paulino Rivero Kanariar Uharteetako presidenteak. Zentzu horretan, kanariarren iritzia ezagutzeko "Kanariar Uharteek ingurugiro eredu turistikoa aldatu behar du gas edo petrolio prospekzioengatik?" galdera egingo dutela azaldu du.
Galdeketa azaroaren 23an egingo dute, Riverok prentsaurrekoan iragarri duenez. Gobernu Kontseilua egin du Kanariar Uharteetako Exekutiboak Santa Cruzen. Era berean, erakundeetako ordezkariekin, alderdi politikoekin eta herritarren kolektiboekin bildu da.
2010eko Herritarren Parte-hartzerako Legea oinarritzat hartu du presidenteak kontsulta deitu ahal izateko. Legea bi dekreturekin garatu dutela azaldu du, Herritarren Parte-hartzerako Zerrendarekin eta erkidegoaren eskumena diren gaietan herritarrei galdetzeko kontsultekin, alegia.
Otsailean petrolio prospekzioen inguruko erreferenduma egin ahal izatea eskatu zion Parlamentuak Gobernu zentralari, Riverok gogorarazi duenez. Kanariar Uharteetako presidentearen hitzetan, Konstituzioak, Estatutuak eta Parlamentuko araudiak kontsulta egiteko aukera jasotzen dute. Uharteetan "garrantzia handia" duten gaien inguruko galdera egitea posible dela uste du Riverok. Gainera, administrazioen arteko "desadostasun sakonak" daudela azpimarratu du.
"Haustura"
Presidentearen ahotan, Estatuak pentsatzen duenaren eta Kanariar Uharteetako gizartearen "gehiengoak" eta erakundeek pentsatzen dutenaren arteko "haustura" nabaria da. Ondorioz, kontsulta Konstituzioarekin eta Estatutuarekin "bat dator", erantsi du.
Gainera, Estatuak uharteetako Exekutiboak eta Parlamentuak otsailean egindako eskakizunari erantzun ez izana deitoratu du Riverok. "Kanariarrek hitz egitea" hori da helburua, gaineratu du. Horregatik, Herritarren Parte-hartzerako Legea garatzeko makineria martxan jarri dute, kontsulta bultzatzeko.
Prospekzioek datozen belaunaldietako etorkizuna "arriskuan jartzen" dutela errepikatu du Riverok. Era berean, Estatuaren "errespetu falta" eta "mespretxua" kritikatu ditu Kanariar Uharteetako presidenteak; izan ere, erakundeen arteko "leialtasunik" eta "elkarrizketarik" ez da izan gai "garrantzitsu" batean. Prospekzioek ingurugiroa eta turismoa "arriskuan jartzen" dituztela "bistakoa" da, presidentearen hitzetan.