Politika -
Hauteskunde primarioak PSN-n
Amanda Acedok PSNren primarioetarako hautagaitza aurkeztu du
Nafarroako Alderdi Sozialistaren barne hauteskundeetarako (irailak 19) hautagaitza aurkezten duen bigarren pertsona da, Maria Chiviteren atzetik.
Erredakzioa
Amanda Acedo PSNko sektore kritikoko kideak Nafarroako Alderdi Sozialistako idazkari nagusi izateko bere hautagaitza aurkeztu du. Urriaren 19an barne hauteskundeak egingo dituzte PSN-n, eta gaur PSOEren Batzorde Federalak hauteskundeetako araudia onartu du.
Nafarroako Alderdi Sozialista gidatzeko hautagaitza aurkezten duen bigarren pertsona da, Maria Chivite sektore ofizialeko kidearen atzetik. Hain zuzen ere, Maria Chivite PSOEren Senatuko bozeramaile izendatu dute aste honetan.
Oraingoz, bi hautagai aurkeztu dira PSNren barne hauteskundeetara, baina zurrumurruek diotenez, Maite Esporrin Iruñeko Udaleko PSNko zinegotzia ere aurkeztuko da.
Acedo 2008ko PSNren barne hauteskundeetara ere aurkeztu zen eta orduan Roberto Jimenezek aurrea hartu zion. Acedok ohar bidez azaldu duenez, "PSOEren barne funtzionamenduari leialtasuna eskainiz" aurkeztu du bere hautagaitza.
Aurkezteko erabakia "entzute eta gogoeta prozesu luze baten emaitza izan da", eta bertan ideiak eta ekarpenak eztabaidatu dituztela adierazi du. Halaber, herri elkarteak eta militantzia sakon ezagutzen dituela aldarrikatu du.
"Azken hilabeteetan eta azken urteetan izan duen jarrerarekin zintzo jokatuz, alderdi barruan eta kanpoan sentsibilitateak batu ditzakeen dokumentu bat prestatu dugu", adierazi du Amanda Acedok. Horrekin PSNren sinesgarritasuna eta herritarrek alderdiarekiko konfiantza berreskuratzea lortu nahi duela gaineratu du.
Bestalde, bere proiektuaren hiru ardatzak herritarrak, konfiantza eta sinesgarritasuna direla azaldu du.