Politika -
Kataluniako Galdeketa
Kataluniarekin 'irudikeria' bat bizi dutela esan du Anasagastik
EAJren senatariaren iritziz, 'gehiegizko haserrealdia' pilatu dute, Katalunian 'ezezkoa' nagusitzeko.
Erredakzioa
Iñaki Anasagasti EAJren senatariaren iritziz, Madrilen "irudikeria" antzeko bat bizi dute Kataluniako egoerarekin. Haren esanetan, Katalunian gehiegizko haserrealdia pilatu dute eta ez du uste ezezkoa nagusituko denik.
EFE albiste agentziari eskainitako elkarrizketan, Anasagastik Jordi Pujolen auzia ere hizpide izan du. EAJren senataria "harrituta" mintzatu da Generalitateko presidente izandakoak 30 urtez atzerrian dirua izan zuela onartu zuelako. "Dena ematen zuen pertsona horietakoa zela uste nuen. Kataluniarekin ezkontzen zela esan zion emazteari, eta egindakoa patetikoa eta oso tristea iruditzen zait. Aurpegia ematen ari da eta bide horretatik jarraitu beharko du, egiten duenak ordaindu egin behar izaten du eta", azpimarratu du Anasagastik. Pujol auzia orain atera delako harrituta agertu da Anasagasti, baina ez du uste kasu horrek Kataluniaren eta Espainiaren arteko pultsu politikoari eragingo dionik.
Anasagastiren hitzetan, "trenen arteko talka egongo da eta Estatuak behartzeko duen indarra zenbaterainokoa den ikusi beharko da. Espainiak beldurra sartuko dio Kataluniari, baina kataluniarrek aurre egiten jarraitzeko baikortasun arnasa hartuko dute Diadan eta Eskoziako erreferendumean. Izan ere, Kataluniako egoera eutsiezina da".
Senatariaren iritziz, Madrilek Kataluniako egoeraren "irudikeria" antzeko bat bizi du. "Katalunian gehiegizko haserrealdia pilatu dute, orain ezezkoa nagusitzeko. Ez dago gazta baten moduan zulatuta, ez du luzaroan iraungo", azaldu du. Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako galdeketa bertan behera utziz gero zer gertatuko den galdetuta, Artur Mas Generalitateko presidentea "azkeneraino" helduko dela iritzi dio, hori egin ezean protagonismo guztia ERCk hartuko lukeela uste duelako. "CiUk eta Esquerrak irteera bat adostea edo biek pultsuari eustea, horiek dira aukeran. Halaber, gerta liteke hauteskunde plebiszitarioak deitzea", gaineratu du.