Politika -

Loiun

Talde ezezagun batek bere gain hartu du Loiuko erasoa

Erasoarekin, EiTBri bidali dioten posta elektronikoaren arabera, gaixo dauden ETAren presoak espetxetik ateratzea eskatu dute.

Argazkia: EFE.
Argazkia: EFE.
Loiuko 5 autobusen sutea ikertzea erabaki du Auzitegi Nazionalak

0:35

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EITB-k izenik gabeko posta elektroniko bat jaso du. Horretan, asteazkenean Loiun 'Autobuses de Lujua' konpainiako bost autobus kiskali zuen sutearen egiletza onartzen da gaixorik dagoen ETAko presoen egoera salatzeko eta euren askatasuna eskatzeko.

Ostegun honetan, hain zuzen ere, Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epaileak Lujua garraioen enpresaren autobusen erretzea ikertzeko diligentziak abiatu ditu. Loiuko garaje batean kanpoaldean zeuden autobusak.

Epaileak Ertzaintzaren atestatua jaso ostean ireki ditu diligentzia horiek. Izan ere, atestatuan kale-indarkeria edo sabotaje ekintza bat izateko aukera zegoela aipatzen zuen. Sutetik gertu, ETAren presoen aldeko paskinak agertu ziren.

Gertaturikoa triskantza terroristako delitu baten parte izateko aukera dela eta, Andreu epaileak ikerketa abiatu du, autobusak nahita erre ote zituzten edo ez zehazteko, eta, hori baieztatzen bada, sutearen egileak identifikatzen saiatzeko.

Oharrak adierazten duenez, egileek hainbat leherkari txiki kokatu zituzten ibilgailuen atzeko partean eta eztanden ondorioz kixkali egin ziren autobusak.

"Zeruari begira"

Oharrean jakitera eman dute "zeruari begira" ez direla geratuko "gure herriko jende eskuzabalena kartzelan akatzen duten bitartean". EITB-ko eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturrien arabera, izenik gabeko oharra arratsaldeko lehen orduetan bidali dute EITB-ra eta ikertzen ari dira komunikatuaren egileak sutea egin zuten pertsona berak diren.

Egungo expetxe-politika presoak zigortzeko diseinatuta dagoela eman dute jakitera agirian eta "militanteak diren aldetik" mugimendu politiko oso bat zigortzea dakarrela honek.

Komunikatuak ETAko presoen sakabanaketa gartzeletan, euren zigorren luzapena eta pasa den urteko Ángel Figueroa, Xabier López Peña eta Arkaitz Bellón presoen heriotza salatzen ditu. Azkenik, gaixorik dauden ETAko hamar presoentzat askatasuna eskatzen du.

Ikerketari gehituko zaio

Segurtasun Sailak jakinarazi du "aldarrikapen anonimo" hori Ertzaintza ikertzen ari den gertakariari gehituko zaiola.

Sutea goizaldeko 5:10ean piztu zen eta bi ordu geroago itzali zuten suhiltzaileek. Sutea ibilgailuetako batean piztu zen, eta ondoren zabaldu egin zen.

Garajearen kanpokaldean zeuden autobusak. Hortaz, suteak ez zuen beste esparruetan eraginik izan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ETA albisteak