Politika -

Demanda

Ahal Duguk Aguirre auzitara eraman du, ETA babestea leporatzeagatik

Alderdiaren aburuz, "jokaera delitugile argia" izan du. Madrilgo PPko presidenteak "argitasuna eta gardentasuna" eskatu ditu.

Pablo Iglesias, Ahal Dugu alderdiko burua. EFE
Pablo Iglesias, Ahal Dugu alderdiko burua. EFE
Pablo Iglesias, Ahal Dugu alderdiko burua. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ahal Dugu alderdiak jakinarazi du kereila aurreko demanda aurkeztu duela Esperanza Aguirre Madrilko PPko presidentearen aurka. Aguirrek Pablo Iglesias alderdiko buruari "ETArekin egotea eta babestea" leporatu zion.

Alderdiak adierazi du Eduardo Inda El Mundo egunkariko kazetaria ere auzitara eramango dutela, "atzerriko Gobernu baten dirua jasotzea" leporatu baitzion Iglesiasi.

"Pablo Iglesiasen eta Ahal Duguren aurkako adierazpen horiek ez dira, gure ustez, edozein hiritar edo erakundek jasan beharko ez lituzketen irain onartezinak soilik; delitu larriak dira, alderdiaren eta bozeramaileen ohorea gutxiesten duten adierazpenak", dio Ahal Duguren komunikatuak.

"Jokaera delitugile argiak" izan direla gehitu du alderdiak, eta ordena soziala larriki kaltetzen dutela. Gainera, adierazpenek "gorrotoa eragin eta indarkeriazko jokaerak ontzat hartzeko" balio dezaketela uste du.

Aguirrek gardentasuna eskatu du

Esperanza Aguirre Madrilgo PPko presidenteak "argitasuna eta gardentasuna" behar direla esan du demandaren inguruan mintzatzean, eta Pablo Iglesiasen alderdiak ETAren alde edo aurka dagoen erantzuteko eskatu du.

"Nahi dudana ETAren aurka dagoela eta Venezuelako Gobernu bolivartarraren dirurik ez duela jaso entzutea da", adierazi du Aguirrek, eta gai horietan eta beste batzuetan, "Kubako diktadura komunistaren inguruan", esaterako, Ahal Duguren iritzia jakiteko "irrikitan" dagoela gehitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea