Politika -
Sarkozyren atxiloketa
Sarkozy epaile aurrera eraman dute, 15 orduz deklaratzen aritu ostean
Frantziako presidente ohiaren abokatua eta epaile bat inputatu egin dituzte, eragimen-trafikoa egotzita.
Erredakzioa
Nicolas Sarkozy Frantziako presidente ohia epaile aurrera eraman dute astearte gauean, 15 orduz deklaratzen aritu ostean. Izan ere, Sarkozy deklaratzera deitu du Nanterre hiriko Polizia Judizialak, ustezko eragimen-trafikoagatik eta instrukzio sekretua urratzeagatik galdekatzeko.
Behin-behinean atxilotu dute, ustezko eragimen-trafikoagatik galdekatzeko. Estatuburu ohiak eta bere ingurukoek Sarkozyren kontra irekita dauden prozesu judizialen inguruko informatzaile sarea osatu ote duten ikertzen ari dira.
Sarkozy bere kasa joan da Poliziaren egoitzara 08:00ak aldera, bere abokatua (Thierry Herzog) eta Kasazio Auzitegiko magistratu bi (Gilbert Azibert eta Patrick Sassoust) galdekatu dituzten egunaren biharamunean. Hain zuzen ere, Herzog eta Azibert inputatu egin dituzte, eragimen-trafikoa egotzita.
Egun osoa eman du Frantziako presidente ohiak Poliziaren aurrean deklaratzen eta, orain, epaileek erabaki beharko dute delitu horietako baten bat leporatzeko elementu nahikorik den.
Behin-behinean atxilotuta dagoen bitartean, Polizia Judizialaren ardurapean egongo da Sarkozy, eta 48 ordu izango dituzte galdeketa egiteko. Epe horretan, presidente ohia inputatu egin dezakete, lekuko gisa deitu dezakete edo ''lagundutako lekuko'' egin dezakete (bien arteko erdibideko egoera da azken hori).
Legez kanpoko finantziazioa
Entzuketen auzian, politikari kontserbadore frantziarrari Liliane Bettencourt L’Oreal enpresaren buruak eta Muamar Gadafi Libiako agintari ohiak hauteskunde-kanpaina finantzatzen laguntzeko legez kanpoko laguntzarik eman ote zioten ikertzen ari dira.