Politika -
Ondorengotza PSOEn
Sanchezek primarioen alde egin eta PSCtik baztertzea ukatu du
Bestalde, Zapaterok Madinarekin elkarrizketatu dela eta "lotura oso sendoak" dituztela onartu du. Madinak berak eredu sozial sakonago baten alde egin du.
Erredakzioa
Pedro Sanchez Madrilgo diputatu eta Rubalcaba ordezkatzeko hautagaiak hauteskunde primarioak egiteko konpromisoa hartu du, idazkari nagusi izatera iritsiz gero. Halaber, PSCren alternatiba gisa Katalunian alderdi berria sortzeko aukera baztertu du.
TVEn egindako elkarrizketan esan duenez, Rubalcabari "estimu handia" dio, "PSOEri eta Espainiari zerbitzu bikaina" egin dielako. Sanchezen iritziz, egungo idazkari nagusiak "nahi duen" etorkizun politikoa izango du, uztailaren amaierarako deitutako ezohiko kongresuaren ostean.
PSCren krisiari dagokionez, Pere Navarroren lana balioetsi du, Kataluniako sozialistak ideia federalistekin bat egitea lortu duela azpimarratuta.
Madinak 'eredu sozialaren alde' egin du
Bestalde, Eduardo Madina hautagaiak "ekonomiaren alde soziala garatzeko garrantzia" aipatu du, PSOEk hurrengo hauteskundeetan izan behar dituen helburuen artean. Horretarako, Europako iparraldeko herrialdeak adibide gisa erabili ditu.
Ser irratian egindako adierazpenetan, "eredu soziala, hau da, hezkuntza eta osasuna ekonomiaren garapenean aintzat hartzea" defendatu du.
Zapatero-Madina elkarrizketak
Hauteskundeetan izandako azken emaitzen ondoren, PSOEk autoestimua berretsi behar duela adierazi du Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidente ohiak. Zapateroren ustez, Eduardo Madinak eta Pedro Sanchezek biek dituzte alderdia zuzentzeko "gaitasun oso onak".
Antena 3en egindako adierazpenetan, Zapaterok onartu egin du Madinarekin elkarrizketatu dela eta biek "lotura oso sendoak" dituztela onartu du. Gainera, liderra izateko dituen dohainak nabarmendu ditu.
Sanchezi buruz, berriz, pertsona "langilea, prestatua eta arduratsua" dela esan du, eta "lider izateko duen ahalmena" gora egiten ari dela.