Politika -
Guardia Zibila
3 lagunek lekuko gisa deklaratu dute Etxarri Aranazko kontsultagatik
Erreferenduma antolatu zuen ekimeneko bi kidek eta hautesleku gisa erabili zen lokalaren jabeak Altsasuko Guardia Zibilaren kuartelera joan behar izan dute.
Erredakzioa
Etxarri Aranatzen (Nafarroa) Euskal Herriaren independentziari buruzko erreferenduma antolatu zuen A13 plataformako bi kide deklaratzera deitu ditu Altsasuko Guardia Zibilak, Nafarroako Fiskaltzak ireki duen ikerketaren harira.
A13 plataformak prentsa-agiri batean azaldu duenez, hautesleku gisa erabili zen lokalaren jabea ere deitu dute deklaratzera.
A13ren arabera, "badirudi ikerketarekin herri kontsulta Etxarri Aranazko Udalarekin lotu nahi dutela", baina "etxarriarrak izan ziren herri kontsulta egitea erabaki zutenak, eta iritzi guztiak errespetatu zituen ariketa demokratikoa izan zen".
Hori dela eta, "erabakitzeko eskubidea kriminalizatzen saiatzea eta bide hori helburu politikoekin hartzea" leporatu dio Fiskaltzari.
Kontsulta apirilaren 13an izan zen, A13 plataformak deituta, % 42ko parte-hartzea izan zuen, eta boto-emaileen % 94 agertu ziren Euskal Herriaren independentziaren alde.
Hasiera batean, Bilduk osatutako udal-gobernuak kontsulta egitea onartu zuen, baina atzera egin zuen, Justiziak, Nafarroako Gobernuak eskatuta, bertan behera utzi ostean.