Politika -
Polemika
Euskal Aktoreen Batasunak babesa erakutsi dio Gotzon Sanchezi
Halaber, “giza eskubideen aurka doan zentzurik gabeko sorgin-ehizaren aurrean gaitzespena” azaldu du.
Erredakzioa
Euskal Aktoreen Batasunak (EAB) Gotzon Sanchez Coca-Colaren iragarkiko aktoreari "babes eta elkartasun osoa" erakutsi dio ostegun honetan. Halaber, "giza eskubideen aurka doan zentzurik gabeko sorgin-ehizaren aurrean gaitzespena" azaldu du.
Zuzendaritza-batzordeak ohar batean azaldu du "errefusapena hainbat komunikabideren jarrera ulertezinari, pertsona baten bizitza pribatua aireratzeagatik eta bere irudia eta lanbidea zikintzeagatik edozein gizakiren pentsamendu librea ezbaian jartzen duen zentsura ekintza batean".
Coca-Colako zuzendariak gaur esan duenez, ez zuen iragarkia kendu, kanpaina astelehenean bukatu zen, hala aurreikusita zegoelako. Dignidad y Justicia elkarteak kritikatu egin zuen iragarkia, aktore abertzale bat zuelako protagonista.
Deklarazio hori izan arren, Euskal Aktoreen Batasunak adierazi du "guztiz sentitzen duela enpresak iragarkia kendu izana", eta Gotzon Sanchezek "lan bikaina" egin duela nabarmendu du. Pentsatzeko era "zentsuratzeko eskaera atzerakoiaren" aurrean uztea deitoratu du.
"Adierazpen eta pentsamendu askatasunak pertsona batzuek egindako epaiketa moralen gainetik jarraitzen duen gizartean sinesten dugu, eta pertsona batek nahi duen ideologia izateko eskubidea duela ulertu dugu, bide demokratikoen baitan den bitartean", azpimarratu du.