Politika -

Polemika

Coca-Colak gezurtatu egin du iragarkia kendu izana

Enpresak azpimarratu du astelehenean amaitu zela kanpaina, eta horregatik ez duela dagoeneko emititzen. Bestalde, ideia guztiak errespetatzen dituela adierazi du.

Coca Colak dio ez duela erretiratu Gotzon Sanchez azaltzen den iragarkia

1:29

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Coca-Colak astelehenean utzi zion Gotzon Sanchezen iragarkia emititzeari, enpresako ordezkariek Radio Euskadiri baieztatu diotenez. Enpresak dio ez duela iragarkia gehiagotan emitituko, inor ez mintzeko; hala ere, Coca-Colak argitu du astelehenean utzi ziola spota emititzeari, kanpaina bukatuta zegoelako.

Gonzalo Marquez Coca-Colaren Ipar Parteko komunikazio arduradunak berretsi du ez dutela iragarkia kendu, eta argitu duenez, iragarkiak "epea" zuen, eta "emaitza egokiak" lortu ez dituelako kendu zuten. Gainera, "erabateko errespetua" agertu die ideia eta sentsibilitate guztiei.

Atzo, polemika handia sortu zen Dignidad y Justiciak eskatuta Coca-Colak iragarki bat kendu zuela zabaldu zelako. Gontzon Sanchez aktore euskalduna da iragarkiaren protagonista, eta Dignidad y Justiciak iragarkia kentzea exijitu zion Coca-Colari euskal presoen eskubideen aldeko ekitaldiren batean parte hartu zuelako.

Coca-Colaren arduradunak erabat gezurtatu du Dignidad y Justiciak egindako eskariari erantzuteko kendu dutenik iragarkia, eta argi utzi nahi izan du konpainiarentzat oso garrantzitsua dela "mundu guztiaren sentsibilitatea, askatasuna eta pentsaera errespetatzea".

"Polemika hau ez dugu guk bilatu eta ez dugu guk sortu, eta erdi erdian aurkitu gara", berretsi du.

Enpresaren komunikatua

Ondoren, Coca-Cola Iberia enpresak oharra kaleratu du, eta bertan berretsi egin du kanpaina igandean bukatu zela.

Kanpainaren komunikabide-planak maiatzaren 18rako ezarrita zuen amaiera. Astelehenean emanaldi puntualen bat egin zen, hedabidearen eta iragarlearen arteko akordioa betetzeko. Ohiko jarduera da hori mota honetako publizitate ekintzetan'', azpimarratu du konpainiak.

"Coca-Colak errespatetatu egiten du adierazpen- eta pentsamendu-askatasuna; horrek ez du esan nahi kamera aurrean zein atzean iragarkietan parte hartzen dutenen ideiekin bat egiten duenik'', gaineratu du.

Enpresak berretsi egin du aktorearen kontratazioa iragarkiaren agentziak eta ekoizleak egiten dutela, eta hori ''independentea da edozein ideologia politikotik zein egoera pertsonaletik''.

Halaber, enpresak dio ''harrigarria'' dela polemika Coca-Colarekin bakarrik piztu izana, eta ez bestelako enpresekin, aktorearekin ibilbide profesionala ezaguna izanik. ''Markaren ospea erabili nahi izatea da horren azalpen bakarra'', adierazi du.

Konpainiak atsekabea agertu da informazio hau zabaltzeak eragin ahal izan dituen eragozpenengatik.

Polemika

El Mundo egunkariak asteazken honetan argitaratu zuenez, Dignidad y Justicia-ko Daniel Porterok Coca-Colara eskutitz bat idatzi zuen asteartean, Herrira ekimena babestu duen Gotzon Sanchez aktorea azaltzen zen iragarkia eteteko eskatzeko.

Coca-Colaren azken publizitate kanpainaren etena eguneko albisteetako bat izan zen, eta enpresak berak barkamena eskatu zien ''irainduta sentitu direnei''. ''Iragarkia baztertuta dago jada'' baieztatu diote enpresaren arduradunek Europa Press-i. Coca-Colak aktorearen kontestu politikoa ez zuela ezagutzen gaineratu zuten. ''Iragarkietan parte hartzen duten pertsonen curriculuma spotaren ekoizlearen ardura da, eta Coca-Colak ez du horretan erabakitzen'', nabarmendu zuten.

Gotzon Sanchez: 'Non dago arazoa, ba?'

Asteazken gauean Radio Euskadiko ''Ganbara'' saioan egin zuen elkarrizketan, Gotzon Sanchez aktoreak zera azaldu zuen: iragarkiaren ardura izan duen publizitate agentziako ordezkariak azaldu ziola astelehenean utzi ziotela emititzeari. ''Asmo politikoekin erabili naute'', adierazi zuen.

Halaber, iragarkiko protagonistak esan zuen euskal gatazkaren konponbidearen alde lan egiten jarraituko duela. ''ETB Hoy'' saioari eskainitako elkarrizketan, etorkizunean ere"gatazkaren alde ezberdinetako biktimen" elkarrizketetan parte hartu nahiko lukeela esan zuen. Izan ere, Gotzon Sanchezek iragan hilabetean Madrilen egindako biktimen arteko bileretan parte hartu zuen, "eta horrek ez zuen hainbesteko oihartzunik izan".

Etorkizunean lana lortzeko arazorik izango duen galdetuta, Gotzon Sanchezek esan zuen nahiago duela "horren inguruan ez pentsatzea". "Nahiago dut lanean eta borrokan jarraitu, aktoreek beti egin izan dugun moduan".

Euskal Herriko gatazka politikoaren konponbidearen eta giza eskubideen alde lanean jarraituko duela berretsi zuen. "Gainerako guztia albistea sortzea da. Non dago arazoa, bestela? Arazorik ez badago, ez dago albisterik", adierazi zuen.

Dignidad y Justicia: 'Biziaren ala heriotzaren alde jarri behar duzu'

Asteazken arratsaldean bertan, gaiaren inguruan hitz egin zuen Daniel Portero Dignidad y Justicia elkarteko presidenteak ETB-2ko "Sin ir más lejos" saioan. ''Biziaren ala heriotzaren alde jarri behar duzu. Berak heriotza aukeratu du, eta hauek dira ondorioak'', esan zuen Porterok.

''Aski da ETAko presoak preso politiko gisa tratatzeaz. Hiltzaileak dira eta kitto'', esan zuen. ''Beraiekin nahasten den edonor kausa hori aldarrikatzen ari da zeharka. Gotzon Sanchezek hiltzaile diren pertsonen askatasunaren aldeko ekitaldia babestu zuen eta bere jarduna behin behinean etenda duen elkarte baten alde azaldu zen. Ondorioak direnak dira'', gaineratu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea