Politika -
Elkarrizketa
Coca-Colak kendutako iragarkiko aktorea: 'Non dago arazoa, ba?'
Euskal Herriko gatazkari amaiera jartzeko lanean jarraituko duela esan du Gotzon Sanchez aktoreak.
IKER GOMEZ / EITB.COM
Cola-Colaren azken iragarkiko protagonistak esan du euskal gatazkaren konponbidearen alde lan egiten jarraituko duela. Multinazionalak kanpaina bertan behera uztea erabaki du, bere egunean aktoreak Herrirari babesa eman ziola jakin ondoren. Coca-Colak barkamena eskatu die iragarkiagatik “minduta” sentitu diren guztiei.
ETB Hoy saioari eskainitako elkarrizketan, etorkizunean ere “gatazkaren alde ezberdinetako biktimen” elkarrizketetan parte hartu nahiko lukeela esan du. Izan ere, Gotzon Sanchezek iragan hilabetean Madrilen egindako biktimen arteko bileretan parte hartu zuen, “eta horrek ez zuen hainbesteko oihartzunik izan”.
Etorkizunean lana lortzeko arazorik izango duen galdetuta, Gotzon Sanchezek esan du nahiago duela “horren inguruan ez pentsatzea”. “Nahiago dut lanean eta borrokan jarraitu, aktoreek beti egin izan dugun moduan”.
Mahou eta Mercedes multinazionalen iragarkietan agertu da Sanchez, eta azpimarratu du horietako batean ere ez dituztela irizpide pertsonalak eta profesionalak nahastu.
Hala ere, gertatutakotik ikasi egingo duela esan du Sanchezek, eta, etorkizunari begira, “lan egiteko ilusio handiagoa” izango duela azpimarratu du.
Euskal Herriko gatazka politikoaren konponbidearen eta giza eskubideen alde lanean jarraituko duela berretsi du. “Gainerako guztia albistea sortzea da. Non dago arazoa, bestela? Arazorik ez badago, ez dago albisterik”, adierazi du.