Politika -

Polemika

Cañetek barkamena eskatu, eta berdintasunean sinesten duela esan du

PPren hautagaiak adierazi duenez, gaur arte itxaron du barkamena eskatzeko "audientzia handiko" hedabide batean egin nahi zuelako, ez mitin batean.

Miguel Arias Cañete PPren hautagaia Europako hauteskundeetan. Argazkia: Efe
Miguel Arias Cañete PPren hautagaia Europako hauteskundeetan.
Cañetek barkamena eskatu du emakumeei buruz esandakoagatik

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miguel Arias Cañete PPren Europako hauteskundeetarako hautagaiak barkamena eskatu du nagusitasun intelektual eta matxismoari buruz egindako adierazpenengatik, eta ez zuela egoki jokatu eta emakumeen eta gizonen berdintasunean sinesten duela azpimarratu du.

Cañetek Copen egindako elkarrizketan itxi nahi izan du aurreko astean hasitako polemika. Buruzagi popularrak, Antena3n egindako elkarrizketa batean, esan zuen "oso zaila" dela emakumeekin eztabaidatzea, eta iradoki zuen ez zuela "nagusitasun" intelektuala erakutsi nahi izan Elena Valenciano hautagai sozialistarekin izan zuen aurrez aurrekoan "matxista" irudia ez emateko.

Hautagai popularrak esan du "inola ere ez" dela matxista, eta "batzuek" bere irudi "okerra" zabaldu nahi dutela. Hala eta guztiz ere, barkamena eskatu du inor irainduta sentitu bada ere.

Gaur arte zergatik itxaron duen galdetuta, Cañetek esan du "audientzia handiko" hedabide batean eskatu nahi zuela barkamena, ez mitin batean.

"Egia da gaizki adierazi nuela esan nahi nuena", berretsi du hautagai popularrak. Hala ere, ukatu egin du PPk isilik egoteko agindu diola adierazpen polemikoak egin zituenean.

Adierazpen horien ondorioz Europar Batasuneko komisario izateko aukerarik gabe geratu ote den galdetuta, Cañetek erantzun du hauteskundeak irabazteko helburua soilik duela buruan.

Nazioarteko prentsak Cañeteren adierazpen polemikoak izan ditu hizpide gaurko aleetan, eta oso kritika gogorrak jaso ditu.

Valencianok Cañeteren barkamena onartu du, "berandu" iritsi arren

Elena Valenciano Europako hauteskundeetarako PSOEko hautagaiak Miguel Arias Cañete PPko zerrendaburuaren barkamena onartu du, nahiz eta "berandu" eta "gogorrean" iritsi.

Arazoa, Valencianoren ustez, ez da Cañetek esan zuena, pentsatzen duena baizik, “XXI. mendeko politikarekin bateragarria ez den pentsamendu politikoa duelako”.

Valencianoren hitzetan, ez da Cañatek era horretako komentario "matxista eta iraingarria" egiten duen lehen aldia.

Valencianok adierazi duenez, Cañete hainbat mendetan emakumeei "horrenbeste min" egin dien estereotipoarekin bat dator.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea