Politika -
Bruselaren isuna
Bilbaori opor fiskalengatik kargu hartzeko eskatu dio EH Bilduk
Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak, berriz, enpresariak EAJk opor fiskalen inguruan egindako "kudeaketa txarra"ren biktima direla salatu du.
Erredakzioa
Opor fiskalen inguruko epaia ez betetzeagatik kargu hartzeko eskatu dio EH Bilduk Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiari. Atzerapenaren ondorioz, Luxenburgoko Auzitegiak 30 milioi euroko isuna jarri dio Espainiako estatuari.
Irune Soto EH Bilduko Batzar Nagusietako bozeramaileak ohar baten bidez kritikatu duenez, "Aldundiak eta EAJk gobernatutako gainontzeko lurraldeek egindako huts larria onartu beharrean, gertatutakoa gainontzekoei aurpegiratzea da ahaldun nagusiak egin duen gauza bakarra".
Gauzak horrela, Bilbaok errua "Europari, Espainiari, Confebaski eta Errioxako presidenteari" bota die. "Hala ere ez da autokritika txikiena ere egiteko gai izan. Bere ardura gainetik kendu nahi du".
Horregatik, Bizkaiko ahaldun nagusiak egindako adierazpenak "benetan tamalgarriak" direla uste du EH Bilduk, "eta herritarrenganako errespetu falta argia dira". Halaber, "laguntzak itzultzea atzeratzeko erabakia nork hartu zuen, 2006ko epaia bete ez zutenak nortzuk izan ziren eta Europari informazioa lortzea nork oztopatu zuen" galdetu du Sotok.
"Erabaki negargarriak"
Bizkaian azken urteetan erabaki negargarriak hartu zituztenak "urruti" ez daudela adierazi du Irune Sotok, "Bizkaian jarraitzen dute", eta horitariko batzuek "Aldundian kargu garrantzitsuak" dituztela gaineratu du.
Azkenik, Jose Luis Bilbaori Batzatr Nagusietan azalpenak emateko eskatuko diola iragarri du. "Opor fiskalen gaian Aldundiak egindako kudeaketaren ondorioak ikusita, erantzukizun politikorik hartzeko asmoa duena ala ez galdetuko diogu".
De Andres: 'Enpresariak EAJren kudeaketaren biktima dira'
Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak, berriz, Jose Luis Bilbaok enpresariei egindako kritikak baztertu ditu eta enpresariak EAJk opor fiskalen inguruan egindako "kudeaketa txarra"ren biktima direla gaineratu du.
Adierazpen horien bidez, De Andresek Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak Confebasken inguruan esandakoei erantzun dio. Bilbaok Confesken "kritika zorrotza" aipatu zuen, Europak diru laguntzak legez kanpokoak zirela esan eta enpresei dirua bueltatzeko eskatu zietenena. Bizkaiko ahaldunak gogora ekarri zuenean, erabaki horrek enpresak ixtea ekarriko zuela aurpegiratu zieten.
"Bakoitzak bere erantzukizuna hartu behar du. EAJ kudeatzaile ona dela entzuteaz nekatuta nago dagoeneko, batez ere haien kudeaketa txarraren ondorioz herritar guztiok 30 milioi euro ordaindu behar ditugunean. Eta, hori guztia, 2008an, EAJren agintepean, hartu beharreko erabakiak hartu ez zituztelako".