Politika -
Batzar Nagusiak
EAJk Bildu Gipuzkoako ekonomia suspertzera 'behartu' nahi du
Aldundiko aurrekontuaren % 4 ekonomia suspertzeko egitasmoetara bideratzeko proposamena aurkeztu dute jeltzaleek Batzar Nagusietan.
Erredakzioa
Gipuzkoako Foru Aldundiko aurrekontuaren % 4 ekonomia suspertzeko egitasmoetara bideratzeko proposamena aurkeztu du EAJk Batzar Nagusietan. Horrela, Bildu krisiari aurre egiteko planak martxan jartzera "behartu" nahi dute jeltzaleek.
Markel Olano EAJko bozeramaileak eta Xabier Ezeizabarrena batzarkideak proposamena aurkeztu dute gaur, prentsaurrekoan. Urte eta erdiko lana egin dute jeltzaleek proposamena osatzeko, eta ekonomia munduko eta gizarteko eragileen iritzia jaso dute.
Proposamenak industria sektoreko enpresei eta gaitasun esportatzailea duten konpainiei inbertsioan laguntzeko programak xede dituela azaldu du Olanok, hori jeltzaleen eredu ekonomikoa baita.
Zientzia eta teknologia
EAJren hitzetan, Gipuzkoako zientziaren eta teknologiaren azpiegiturak sendotu nahi ditu arauak. Lurraldeko ekonomia suspertzeko funtsezkoak direla uste dute jeltzaleek.
Olanok salatu duenez, Bildu krisiaren aurka borroka egiteko aurrekontuaren zatia murrizten ari da, 2013an % 2,94koa izan zen, eta 2014an % 2,90koa izango da. Hurrenez hurren, oposizioak 7,6 milioi eta 15 milioi gehitzea lortu zuela goraipatu du bozeramaile jeltzaleak.
EAJren proposamena onartzen baldin badute, Aldundiak gutxienez aurrekontuaren % 4 bideratu beharko du industriari laguntzeko programetara.
EAJ PSE eta PP oposizioko alderdiekin negoziatzen saiatuko da orain; izan ere, testua aurrera ateratzeko babesak behar dituzte jeltzaleek.