Politika -
Txandakako presidentzia
Urkulluk Akitania-Euskadi euroeskualdeko Presidentetza hartu du
Euroeskualdeak 1,1 milioi euroko aurrekontua du 2014rako.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakaria Akitania-Euskadi euroeskualdearen presidente izendatu dute gaur, Bordelen (Frantzia).
Lehendakariak iragarri duenez, 1,1 milioi euroko aurrekontua du 2014rako: %50 EAEtik helduko da eta beste erdia Frantziako eskualdetik. "Mugaz gaindiko egitasmoekin jarraitzeko" asmoa dute horrela.
Gainera, euroeskualdearen lehen bi urteen "lan politiko eta profesionala" goraipatu du lehendakariak: "elkarrekin indartsuago gara", gaineratu du.
"Euskadik jarraikortasuna eman nahi dio lan horri", azaldu du. "Euroeskualdea egitasmo gaztea da, hazteko asko du eta martxan dauden proiektuei jarraikortasuna emango diegu, bost egitasmorekin", azaldu du.
Urkulluk mugaz gaindiko eskualdearen helburuak zehaztu ditu, tartean Madril eta Paris batuko dituen tren konexioa, "Atlantikoaren ardatza" delakoaren bitartez.
Horrela, Alain Rousset Frantzian AHTaren eraikuntzaren epeen inguruan aritu da: 2030ean amaituko dute. Orduan, Bordeletik Bilbora ordu bat eta 45 minutuan bidaiatu ahal izango da, Hendaian gelditu gabe.
2016an edo 2017an "hirugarren bidea" irekita egotea espero dute, Baiona eta Donostia geldialdirik gabe egitea posible izango da horrela.