Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Lopez: 'Jaurlaritzaren lehentasun nagusia susperraldia izan behar da'

ETAri buruz, desegitea besterik ez zaiola falta adierazi du Patxi Lopezek Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren "lehentasun nagusiak" enplegua sortzea eta susperraldia bultzatzea izan behar direla azpimarratu du gaur Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiak, "ez ETAren desarmea edota horren presoen eskaerak".

"Presoak egunkarietako portadetan eta albistegietan dauden bitartean, EAJren Gobernuak ez ditu oraindik susperraldia lortzeko planaren neurri gehienak martxan jarri", esan du Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan.

Lopezek berretsi du Jaurlaritzaren kezka nagusiak krisiari aurre egitea eta susperraldia lortzea izan behar direla, "eta ez premiazkoak izan beharko liratekeen neurriak atzeratzea". Helburu hori lortzeko, PSE-EE EAJrekin elkarlanean aritzeko prest dagoela adierazi du Patxi Lopezek.

ETAri buruz, "desegin" behar dela nabarmendu du. "Eta kito. Ez diogu garrantzi gehiago eman behar", esan du Lopezek. Presoen inguruan, "gizarteratzea" lortzeko "neurri legalak" existitzen direla berretsi du. "Baina ibilbide hori eurek egin behar dute".

Adituen Batzordeak Rajoyren Gobernuari egindako aholkuei buruz, "ikaraz" hartu dituela azpimarratu du PSE-EEko idazkari nagusiak. "Berriro ere, sorbalda berdinen gainean kargatu egiten dute, ez dute gehiago duenak gehiago ordaintzea nahi".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea