Politika -
Barne agiria
ETAk berretsi egin du borroka armatua baztertzeko erabakia
Militanteen % 80k babestu du ETAk azken urteetan hartutako erabaki nagusia, eta % 4,2 baino ez da azken hilabeteetako barne hausnarketa prozesuaren erabakien kontra agertu.
Erredakzioa
ETAren barne agiri baten berri dakar gaur Gara egunkariak, antza, EPPK euskal presoen kolektiboaren bitartekariei atzeman eta Guardia Zibilak filtratu duena.
ETAren zuzendaritzak sinatutako 'Barne Komunikazio Orokorra' izeneko dokumentu horretan, erakunde armatuak berretsi egiten du borroka armatua erabat baztertzeko erabakia. Era berean, berretsi egiten da 2009an ezker abertzaleak abiatutako eraberritze estrategikoa.
Militanteen % 80k babestu du ETAk azken urteetan hartutako erabaki nagusia, eta % 4,2 baino ez da azken hilabeteetako barne hausnarketa prozesuaren erabakien kontra agertu.
Garak dioenez, Guardia Zibilak filtratu du agiri hau, atxilotu berri dituzten EPPK-ko bitartekariei atzeman dietena; eta gaineratzen duenez, egunotan, agiri hau erabiliz ezbaian jarri da bake prozesuaren inguruan ETAk dituen benetako asmoak.
Agiriak erakusten duena da ETAren militantziaren gehiengoak bat egin duela estrategia aldaketarekin. Dokumentu honek agerian uzten du ETAk borroka armatua uztearen erabakiak izaera estrategikoa duela, eta hori erakusten du, barne hausnarketaren ondotik, egitura militarrik ez eratzeko hartutako erabakiak.
Barne agiri honetan Espainiako Estatuak bizi duen "krisi sakona" nabarmentzen du ETAk.
Era berean, EAJren jarrera deitoratzen du (Bilboko manifestazioaren aurretik idatzia da), "Estatuaren alboan" jartzeagatik, baina uste du indar independentistak elkarrekin estrategia eraginkor bat bideratzea ezinbestekoa dela.
Gatazka gainditzea lehentasuna dela esaten du, baina "independentziaren bidean pausoak" eman behar direla ere uste du ETAk.