Politika -
CDCren Kontseilu Nazionala
Rajoyk elkarrizketarako 'aukera paregabea' duela ohartarazi du Masek
Kataluniako Generalitatearen presidenteak horixe adierazi du Parlamentuak kontsulten eskumena eskatzea onartu ostean. Izan ere, orain Kongresuari dagokio erabakia hartzea.
Erredakzioa
Artur Mas Kataluniako presidente eta CDCren buruzagiak adierazi duenez, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak "aukera paregabea" du elkarrizketarako asmoa duela erakusteko. Izan ere, Parlamentuak kontsulten eskumena eskatzea onartu ostean, orain Kongresuari dagokio erabakia hartzea.
CDCren Kontseilu Nazionalean, 2.000 militanteren aurrean, azaldu duenez, "ezin da elkarrizketarik, akordiorik eta negoziaziorik egon batek bakarrik luzatzen badu eskua". Hori horrela, adostasunera heltzeko jarrera duen bakarra Generalitatea dela azpimarratu du.
Bestalde, kontsultaren gaiak Madrilen haserrea eta ezjakintasuna sortzen duela uste du. Horren harira, Kataluniak lasai eta esku hartzerik gabe bizi nahi duela, eta "Kataluniako herria iraintzen duten" esku hartzeak desagerrarazi nahi dituela azpimarratu du, autogobernuari, katalunierari eta defizitari erreferentzia eginez.
Prozesuaren izaera baketsua goraipatu du Masek, eta argi adierazi du Kataluniak ez duela inorekin borroka egin nahi, baina defendatu egingo direla "probokazioen aurrean".