Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Azkarragaren ustez, Gobernua ezin da desarme-prozesutik at geratu

Justizia sailburu ohiaren hitzetan, euskal erakundeen parte-hartze soila ez da nahikoa, eta bukaerako prozesua "Espainiako Gobernuarekin" egitea ezinbestekoa da.

E. A | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburu ohiaren ustez, ezinbestekoa da ETAren amaieraren prozesua "Espainiako Gobernuarekin" egitea. "Espainia ezin da at geratu. Negoziatutako eta adostutako prozesua egitea nahitaezkoa da", esan du Radio Euskadiko "Ganbara" saioan.

Azkarragaren aburuz, larunbateko manifestazioak zer pentsa eman behar dio Gobernuari. Martxa erregistratu izana bere ekimena izan ez zela azaldu du, eta Velasco epailearen debekuaren ondoren beste pertsona batzuek eskatuta egin zuela argitu du. "Beste batzuen izenean erregistratu nuen deialdia", esan du. "Baimena sinatu nezakeen galdetu zidaten, eta ez nuen birritan pentsatu. Horri eutsi zitzaion, EAJk eta Sortuk akordioa lortu arte eta protagonismo politikoa beren gain hartu arte", gaineratu du.

Sailburu ohiak gaineratu du kontzientzia garbi duela. "Ez dit axola kritikarik jasotzea. Aldekoak ere izan ditut", azpimarratu du.

ETAk armak entregatu behar dituela adierazi du, bere hitzetan, ez duelako zentzurik behin betiko pausoa ez ematea. Edonola ere, espetxe politikari dagokionez, Espainiako Gobernuak ere pausoak eman behar dituela uste du. Horren harian eskatzen denak lege aldaketarik ez dakarrela nabarmendu du.

Sailburu ohiaren esanetan, Espainiako Gobernua eroso dago egungo egoerarekin, eta sektorerik kontserbadoreenari begira keinuak egiten ari da. Azkarragaren ustez, ordea, jarrera hori okerra da, gaizki itxitako prozesu batek "zornea dariola" jarraituko duelako. "Batek askotan duen inpresioa da zenbaitzuk ez ote ziren ETArekin hobeto bizi", gaineratu du.

ETAko presoei dagokienez, horietako bakoitza, indibidualki, espetxe politika betetzea eskatzen hastearen alde agertu du. "Arinago egingo dugu aurrera", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea