Politika -
Polemika Frantzian
Hollandek bizitza pribatuari buruzko galderak erantzungo ditu gaur
Frantziako presidenteak prentsaurrekoa eskainiko du Gobernuaren plan ekonomikoei buruzko azalpenak emateko, baina kazetariek Julie Gayet aktorearekin duen maitasun-harremanaz ere galdetuko diote.
Erredakzioa
François Hollande Frantziako presidenteak bere bizitza pribatuari buruzko galderei ere erantzun beharko die gaur arratsaldean, Gobernuaren plan ekonomikoei buruzko azalpenak emateko deitu duten prentsaurreko batean.
Agerraldiaren helburua Gobernu sozialistaren plan ekonomikoen berri ematea da, baina kazetariek beste gai bati buruz ere galdetuko diote: Julie Gayet aktorearekin duen maitasun-harremanaz.
Istorio hori ostiralean argitaratu zuen prentsa arrosaren sektoreko aldizkari batek, eta Hollandek bizitza pribatua izateko eskubidea duela argudiatuta oro har politikariek gai horrekin polemika sortu nahi izan ez duten arren, alderdi batzuen artean hainbat galdera sortu dira, hala nola Valerie Trierweiler, presidentearen bikotekide ofiziala, lehen dama ote den oraindik.
Lehen damaren figura ez dago legez aitortuta Frantzian. Dena dela, Trierweilerrek lau pertsonako kabinetea du Eliseoan, diru publikoz ordaindutakoa, eta segurtasun operatibo berezia ere badu.
Hollanderen bikotekide ofiziala ospitaleratuta dago ostiraletik, hau da, presidentearen eta Gayeten arteko harremana hedabideetan agertu zenetik. Antza denez, Trierweilerrek berak ere jakin nahi du zein den bere egoera ofiziala.
Julie Gayet ezkutuan bisitatzera joaten zenean presidentearen segurtasuna bermatuta ote zegoen ere galdetuko diote kazetariek, segur aski.
eitb.com-ek zuzenean eskainiko du Hollanderen agerraldia, streaming bidez, 16:30ean.