Politika -

Dokumentazioa

IRAren armagabetze prozesua, historiako mediatikoena

Ostiral Santuko Akordioak hasieran eman zion IRAren armagabetze prozesuari, 1998. urtean. Atentatu gehienak 70eko eta 80ko hamarkadetan izan ziren.

IKER GOMEZ / EITB.COM

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

IRAren armagabetze prozesua luzea eta zaila izan da. Historiako mediatikoena izanda, Ostiral Santuko Akordioak hasiera eman zion, 1998. urtean. 70eko eta 80ko hamarkadetan izan ziren atentatu gehienak, baina aldeek bakerako bideari ekin zioten 1993. urtean.

Urte horretan, Erresuma Batuak Sinn Fein alderdiari elkarrizketetan parte hartzea eskaini zion, betiere IRAk indarkeriari uko egiten bazion. Urtebete geroago, 1994. urteko abuztuan, IRAk su-etena iragarri zuen.

Egun batzuk lehenago Raymond Smallswood Alderdi Unionista Demokratikoko bozeramailea hil zuen. Bi urte geroago, 96ko otsailean, su-etena apurtu zuen, lehergailu bat Londresen leherraraziz (bi lagun hil eta ehunka zauritu ziren).

1997ko uztailean, IRAk su-etena ezarri zuen berriro ere. Negoziazioen ondorioz, 1998ko apirilean Ostiral Santuko Akordioa sinatzea lortu zuten. Irlandako biztanleek erreferendum bitartez babestu zuten akordio hori. Urte horretako abuztuan, IRAren zatiketa batek (Benetako IRA) 29 lagun hil zituen Omaghen, bonba-auto bat zartaraziz.

Benetako IRAk bere gain hartu zuen atentatua, baina irailean horrek ere su-etena iragarri zuen. Egun gutxi geroago, IRAko zenbait preso aske utzi zituzten, eta 99. urtean Ipar Irlandako Gobernu autonomoa sortu zuten berriro ere.

David Trimble izendatu zuten Gobernu berri horretako presidente (2001ean dimisioa eman zuen). Ipar Irlandako autonomia hizpide, bi aldeek esfortzu handiak egin zituzten 2000. eta 2001. urteetan akordioa lortzeko, baina ez zuten arrakastarik izan. 2001eko urrian, Sinn Fein alderdiak ofizialki eskatu zion IRAri armak ematen hasteko. Hurrengo egunean, armagabetzen hasi dela adierazi zuen IRAk.

Hurrengo urteetan, hala ere, prozesu horrek oztopo asko gainditu behar izan zituen. IRAk bertan behera utzi zuen hainbatetan, baina 2005eko uztailaren 28an agiri historikoa iragarri zuen talde armatuak: Bere militante guztiei armak entregatzeko agindua eman zien. Agiri horren ondorioz, Erresuma Batuko eta Irlandako ministroek bilera-sorta berri bati ekin zioten, Ipar Irlandaren autonomia berreskuratzeko asmoz.

2006ko urrian bilera historikoa egin zuten Sean Brady kardinal katolikoak eta eta Ian Paisley apaiz protestanteak Belfasten. 2007ko martxoan, Ipar Irlandako autonomia berrezarri zuten, eta Paisleyk eta Gerry Adams Sinn Feineko buruak Gobernu berria adostu zuten. Armagabetzearen egiaztapena 2008ko irailean iritsi zen: Nazioarteko Egiaztatzaileen Batzorde Independenteak armak entregatu zituztela eta IRA deseginda zegoela egiaztatu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea