Politika -

Emisioa Nafarroan

EiTBren seinalea hartzeak legearekin bat egiten duela dio Soriak

Egoera legezkotasunera ''egokitzeko'' helburuarekin lehendakariak eta Nafarroako presidenteak lantaldea eratzeko hartutako erabakia azpimarratu du ministroak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EITBren seinalea Nafarroan hartuta ''legearekin bat'' egiten dela esan du astearte honetan Jose Manuel Soria Espainiako Gobernuko Industria ministroak.

Hala erantzun du ministroak Senatuaren osoko bilkuran, gai horren inguruan Alberto Unamunzaga Amaiurreko senatariak egindako galderari. Zehazki, Euskal Irrati Telebistaren seinalea normaltasunez jasotzeko Nafarroako herritarren borondatea errespetatuko duten galdetu dio Unamunzagak Soriari eta, egoera legezkotasunera ''egokitzeko'' helburuarekin lehendakariak eta Nafarroako presidenteak lantaldea eratzeko hartutako erabakia azpimarratu du ministroak. Halaber, EITBk analogikoak ''emititzen jarraitzen'' duela gogoratu du Soriak.

EITBren emisioak Nafarroan hedatzeko Jaurlaritzako eta bertako Gobernuak 2009an sinatutako hitzarmena izan du hizpide, eta, akordio horretan, besteak beste, hedapen horren kostuak Nafarroak bere gain hartzea jasotzen zuela gogoratu du.

Ministroak onartu egin du EITBren seinalea Nafarroan har dadin bertako Gobernuak ''erresistentzia'' jartzen aritu izan dela,akordio horretan bildutako beharrizanak ''ez betetzeagatik''.

Halaber, Soriak gogoratu egin du Ministerioaren esku dagokiola gai horretan zigor eskumena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea