Politika -

Arraizen aurkako salaketa

Fiskalak Hasier Arraizen kontrako salaketa artxibatzea eskatu du

Terrorismoa goratzea leporatuta Sortuko presidentearen aurka jarri zuten salaketa artxibatzea eskatu dio Fiskaltzak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari.

Juan Calparsoro, EAEko fiskal nagusia. Argazkia: EiTB.
Juan Calparsoro, EAEko fiskal nagusia. Argazkia: EiTB.
Juan Calparsoro, EAEko fiskal nagusia. Argazkia: EiTB.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko Fiskaltza Nagusiak Hasier Arraiz Sortuko presidentearen aurka terrorismoa goresteko delitua leporatuta jarri zuten salaketa artxibatzea eskatu dio EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Gai Zibil eta Penaletarako Gelari.

Ikerketako eginbide guztiak bukatuta, Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiak auzia artxibatzeko eskatu dio Auzitegiari idatzi batean, behin Arraizen adierazpenak hitzez hitz jasotzen dituzten egunkari eta grabazioak aztertuta delitu zantzurik igartzen ez duela esanda.

Arraizek Bilbon azaroaren 18an Santi Brouard eta Josu Muguruzaren hilketen urteurrenaren kariaz antolatutako mahai inguru batean egindako adierazpenek hautsak harrotu zituzten, ezker abertzalearen ibilbidea eta iragana babestu baitzituen bertan eta PPk UPyDk, Dignidad y Justiciak eta Covitek ETAren aldeko apologia eta terrorismoari zilegitasuna emateko saiakera ikusi baitzituzten bertan.

Bi egun geroago, Sortuk beretzat hartu zituen Arraizen adierazpenak, eta hauek izan zirela esan zuen: "Ezker abertzaleak orain 35 urte gaur egun egokitzat daukagun aukera egin zuen. Ez genuen parte hartu demokratikotik ezer gutxi zuen joko batean, eta denbora guzti honetan, ustez demokratikoa den joko horren kontraesanak mahai gainean jartzen aritu gara. Oso garesti ordaindu dugu, eta ez gaude prest orduko ezer berrikusteko edo errefusatzeko. Gure akats guztiak aldarrikatzen ditugu, izan ginena eta garena, eta egin duguna eta egiten duguna".

Egia da bataila hau (kontaketa historikoa) hor dagoela, eta horrek, gehiago edo gutxiago gustatu, iraganeko agertokietara sartzera behartzen gaitu. Argi dago bertan ez dagoela inor erantzukizunetatik aske; gatazka honetan inor ez da izan ikusle, eta mundu guztiak hartu du parte. Denok sufriarazi dugu eta denok sufritu dugu. Guk ez daukagu inongo arazorik gure erantzukizunak aitortzeko; beti egin dugu eta horrek ondratu egiten gaitu".

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak eginbideak hasi zituen orduan, Covite Euskal Herriko Terrorismoaren Biktimen elkarteak lehenengo eta Dignidad y Justicia elkarteak ere geroago Hasier Arraizen aurka jarritako salaketen harira. "Terrorismoa goratzea eta justifikatzea" eta "terrorismoaren biktimak gutxietsi eta umiliatzea" leporatu zioten salaketotan.

Abenduaren 3an, Iñigo Iruin abokatuak defentsako idatzi bat aurkeztu zuen, El Mundo eta Gara egunkariko testuek eta Muguruza eta Brouarden omenezko ekitaldiaren bideo eta audioek lagunduta,

Fiskalaren ustez, "abokatuak emandako grabazio eta prentsako idatziak aztertuta, hitzotan ezin da terrorismoa goratzeko edo biktimak gutxiesteko deliturik atzeman, nahiz eta haien kritika zilegia egin ahal den edo beste ordena jurisdikzional batean haien aurka egitea baliozta daitekeen betiere".

Halaber, "Legebiltzarraren eremuan eskuarki jardun ez bada ere, Arraiz politikari eta legebiltzarkide gisa aritu zen ekitaldian (EAEn boto gehien dituen bigarren alderdiko presidentea da), eta, hortaz, ideiak, pentsamenduak eta iritziak zabaltzeko eta adierazteko askatasun eta eskubide oinarrizkoak erabiliz"

Beraz, Calparsororen ustez, Arraizek ezker abertzaleren iraganari buruz ezatabaida hartan esandakoak ez dira delitu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea