Politika -
Elkarrizketa lehendakariari
Urkullu: 'Legebiltzarrean akordioa badago, kontsulta egin behar da'
Iñigo Urkullu lehendakariak 30 herritarrek egindako galderak erantzun ditu ETB-2ko 'Euskadi Pregunta' saioan. Besteak beste, bakegintza, autodeterminazio eskubidea eta egoera ekonomikoa jorratu ditu.
G. Palacios/E. Lotina | eitb.com
Iñigo Urkullu lehendakariak uste du legezko proiektu politiko baten inguruan adostasuna badago, euskal gizarteari kontsulta egin beharko litzaiokeela. Hala adierazi du Kataluniako galdeketaren eta Euskadirentzat 2015erako nahi duen estatus politiko berrirako proiektuaren artean egon daitezkeen antzekotasunen inguruan galdetuta.
"Demokrazia batean gaude, proiektu legal guztiak defenda daitezke eta Legebiltzarrean adostasun batera helduz gero, gizarteari galdetu egin behar zaio eta gizartearen erabakia errespetatua izan behar da", azaldu du lehendakariak.
ETB-2ko 'Euskadi Pregunta' saioan izan da lehendakaria, 30 herritarrek egindako galderak erantzunez, eta, gai politikoez gain, krisi ekonomikoari lotutako gaiak ere izan ditu hizpide.
Gauzak horrela, Fagor Etxetresnakek bizi duen egoeraz galdetuta, Urkulluk azpimarratu du Eusko Jaurlaritza lanean ari dela, "hartzekodunen konkurtsoak izan duen eragin soziala ahalik eta txikiena izateko".
"Jaurlaritza Espainiako eta Frantziako gobernuekin harremanetan dago, proiektu bideragarriak bilatzeko; horrez gain, Fagor hornitzen duten enpresen egoera zein den aztertzen ari gara, kaltetutako langileak zenbat diren jakiteko eta, ondorioz, neurriak hartzeko", azaldu du.
Jaurlaritzak krisian dauden enpresa txikien aurretik enpresa handiak lehenesten dituen ere galdetu diote lehendakariari, baina irmoki ukatu egin du horrelakorik. "Euskadiko sare ekonomikoaren oinarri nagusia enpresa txikiak eta ertainak dira eta, ondorioz, Jaurlaritzak enpresa guztien alde egiten du, batzuetan izen handiko enpresak soilik laguntzen ditugula iruditu arren".
Langileen pobretzeari buruz, lehendakariak oinarrizko beharrizanak estali eta aldi berean hazkunde ekonomikoa bultzatu behar direla uste du. Enpresaburuen lana goraipatu du agintariak, lantegiak zabalik mantentzen dituztelako. Era berean, langile askoren esfortzua goraipatu du Urkulluk.
Bestalde, gazteen etorkizunaren inguruan galdetu diote lehendakariari. Urkulluren hitzetan, gazteek eskarmentua izan behar dute nazioartean, gero itzuli ahal izateko. Aukerak badaudela ziurtatu du, eta Eusko Jaurlaritza gazteen orainean arreta jartzen ari dela erantsi du.
Bakegintza eta politika
ETAren desarme prozesu bat "berehala" martxan jartzea beharrezkoa dela uste du lehendakariak. Desarmatzea "serioa eta egiaztagarria" izan behar da, buruzagiaren hitzetan. Ertzaintza desarmea egiaztatzeko prest dagoela gaineratu du. "Presoek indarrean dagoen legedian babesa har dezakete. Gobernuak ere pausoak eman ditzake: kartzela politika malgutuz, adibidez", esan du.
Zentzu horretan, pausoak ematea beharrezkoa dela planteatu dio Rajoyri ebhin baino gehiagotan. Legedia eta ordenamendu juridikoa aplikatu behar direla onartu du Urkulluk, baina malgutasunez aplikatzea posible dela errepikatu du, "birgizarteratzearen aldeko apustua eginez". "Legea betez egitea" posible dela azaldu du.
Hala ere, espetxeetako eskumena oraindik transferitu ez dutela gogorarazi du Gasteizko Exekutiboaren buruzagiak. "Saiatzen jarraitzea beste aukerarik ez dugu", erantsi du.
Bake Planari dagokionez, zoru etikoa azken orduan barneratu dutenik ukatu du Urkulluk. Egitasmoak 28 ekarpen biltzea oso garrantzitsua dela azpimarratu du.
"Gure errealitatea kudeatzea oso zaila da. Garai berri baten aurrean gaude, eta batzuek etorkizunari bertigoa diote; baina benetako apustua egin beharra dago", adierazi du.
Terroristek hezkuntzan lan egiteko aukerarik ez izateko legea iragarri zuen Espainiako Gobernuak. Lehendakariaren ahotan, "astakeri bat da". "Nafarroan irakasleak ikertu ote dituzten oraindik ez dute argitu", salatu du.
Bestalde, Arnaldo Otegi preso politikoa den galdetu diote agintariari. Digresio horietan sartuko ez dela esan du, baina Otegi kartzelaratu behar izan ez zutela argi utzi du.
Hezkuntza
Beketan murrizketarik egingo ez dutela ziurtatu du lehendakariak. Nahiz eta aurrekontu mugatuak izan, Hezkuntzan inbertsioa mantendu dutela goraipatu du Urkulluk. Unibertsitateko ikasle bakoitzeko Eusko Jaurlaritzak 9.300 euro finantzatzen dituela gogorarazi du agintariak (Estatuko batezbestekoa baino % 30 gehiago).
Lomce geldiarazteko Auzitegi Konstituzionalean helegitea aurkeztu behar dutela esan du buruzagiak. Zentzu horretan, Werten legea saihesteko eskura duten guztia egingo dutela erantsi du. Euskadin, hezkuntza alorrean, itun bat dagoela nabarmendu du, eta "adostasun zabala" dago profesionalen artean. "Horrek indartsu egiten gaitu", esan du.
Atez atekoa eta fracking-a
"Arazorik ez zegoen lekuan, bi sortu dira", adierazi du Urkulluk zaborren aferaz. Aurreko egoera batera itzultzea beharrezkoa dela uste du lehendakariak.
"Herritarrek iritzia eman behar dute, eta politikariek gehiengoaren iritziari jaramon egiteko erantzukizuna dute", erantsi du.
Bestalde, Araban gasa ateratzeko proiekturik dagoen galdetu diote Urkulluri. Lehendakariak ezezko biribila eman du: "Ez 100 milioi euro, ezta euro bakarra ere. Zalantzan dagoen gasa ateratzeko sistema erabiltzeko egitasmorik ez dago une honetan. Ingurugiroa errespetatzeko araudiarekin erabat zorrotzak izan behar gara".
Cabacas
Eusko Legebiltzarrak Iñigo Cabacasen heriotza argitzeko ikerketa batzorde bat abian jartzea baztertu zuen. Ikerketa batzordetan sinestea zail egiten zaiola ziurtatu du lehendakariak, "dagoeneko aurreiritziak daudelako". "Ez da politikarien eskumena, epaileena baizik", gaineratu du.
Gaztearen heriotza "akats konponezina eta tragikoa" izan zen, Urkulluren hitzetan. Eusko Jaurlaritzak auzia "ahalik eta azkarren" argitzea nahi du, lehendakariak azaldu duenez.
Errugabetasuna defendatu ostean, beharrezkoa balitz erantzukizunak garbituko lituzketela ziurtatu du.
ETB Nafarroan
Lehendakariaren hitzetan, Nafarroan telebista kate guztiak ETB izan ezik ikustea "onartezina" da. Arazo teknikoa ez dela esan du, "borondate arazoa baizik". Hala ere, aurrerapausoak ematea espero du Urkulluk. "Lantalde bat osatzea aurrerapauso bat da", ziurtatu du.