Politika -
Polemika presoen harrerengatik
Ertzaintzaren 'geldotasunari' aurre egiteko jardun dutela dio Urquijok
Informazio gehiago eskatzekotan, Ertzaintzari eskatu behar diotela dio, ''bera baita eskuduna''. ''Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak arriskuan jarri dute beren segurtasuna'', Urquijoren hitzetan.
Erredakzioa
Carlos Urquijo Gobernuak Euskadin duen ordezkariaren ustez ez da bidezkoa Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak ETAko preso ohien harreren inguruan jasotako txostenak kritikatzea, bertako informazio urria dela argudiatuz. Urquijok azpimarratu duenez, ''iturri propioak'' erabiliz lortu dituzte datuak Polizia Nazionalaren eta Guardia Zibilaren agenteek, ''Ertzaintza ekitaldi horietara igorri ez duen Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren geldotasunari aurre egiteko''. Halaber, ekitaldiak behatu ahal izateko agente horiek ''beren segurtasuna arriskuan'' jarri dutela azpimarratu du.
Efe agentziari egindako adierazpenetan, Urquijo haserre agertu da Fiskaltzak gaur egindako eskaerarekin. Izan ere, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak joan den astean ETAko lau preso ohiri egindako harreren inguruko txosten berriak eskatuko ditu, txostenak "laburrak" direlako eta ez direlako ''nahikoa" terrorismoaren gorazarrea egin zen edo ez zehazteko, bertako iturriek azaldu dutenez. Fiskaltzak lau txosten jaso dituela azaldu du, eta "harrituta" agertu da jasotako zehaztasun faltarekin.
Urquijok, ordea, sei txosten direla zehaztu du, eta eskura duten informazioa dela berretsi du. ''Agerikoa da ez dela informazio kantitate handia, baina kontuan izan behar da zein baldintzatan lan egin duten bertara joan diren funtzionarioek. Guk nahikoa egin dugu, eskumena gure ez bada ere, informazio hori lortu baitugu'', azpimarratu du.
Hala, Urquijok dio Fiskaltzarentzat txosten hori nahikoa ez bada Ertzaintzari eskatu behar diola informazioa osatzea, ''Ertzaintza baita polizia eskuduna''.
Gehienak artxibatu dituzte
Fiskaltzarik ''idatzi asko'' helarazten dizkien arren, horietako ''oso gutxiri'' erantzuten diotela azaldu du Gobernuko ordezkariak, ''eta erantzuten direnak artxibatzeko dira, ez dutelako delitu zantzurik ikusten''. Hala, txosten horietako gehienak informazio gehiago eskatu gabe artxibatu direla kritikatu du Urquijok.
Beltran de Herediari erantzuna
Halaber, astelehen honetan presoen harreren inguruan Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak egindako adierazpenez ere aritu da Gobernuaren ordezkaria. Sailburuaren hitzetan presoei egindako harrerak ez dira delitu, baina ekitaldi horietan ''txaloak, pankartak eta suziriak '' egon zirela azpimarratu du Urquijok. ''Baina sailburuak deliturik egon ez zela uste duenez, ez du Ertzaintza bertara bidali'', gaineratu du.