Politika -
Bozketa
Diputatuen Kongresuak Gardentasunaren Legea behin betiko onartu du
Araua 2016ra arte ez da guztiz indarrean sartuko. Lege berria PPk bakarrik defendatu du. CiUk eta EAJk babes kritikoa eman diote. Gainerako taldeak aurka azaldu dira.
Erredakzioa
Diputatuen Kongresuak Gardentasunaren, Informazioaren eta Gobernu Onaren Legea behin betiko onartu du gaur. Arauaren tramitazioak 14 hilabeteko iraupena izan du. Gainera, ez da 2016ra arte guztiz indarrean sartuko.
Azken bozketa honetan ez da legea bere osotasunean aurkeztu, Senatuak onartutako zuzenketak baizik. Kongresuak legea onartu zueneko jarrerak errepikatu dituzte talde parlamentario guztiek.
Horrela, PPk bakarrik defendatu du lege berria. CiUk eta EAJk babes kritikoa eman diote. PSOEk, Izquierda Pluralek (IU-ICV-CHA), UPyDk eta Talde Mistoaren gehiengoak (Amaiur, ERC eta Compromis-Equo, besteak beste), ostera, arauaren aurkako botoa eman dute. Lege eskasa dela uste dute.
Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean, kargudun publikoak behartuko dituen 'gobernu ona'ren atala indarrean izango da, baina gardentasunaren eta informazioaren atalekin ez da gauza bera gertatuko.
Estatuko Administrazioak (Gobernua, Kongresua, Senatua, Espainiako Bankua eta Erregearen Etxea) 12 hilabeteko epea izango du beharrezko aldaketak egiteko eta araua aplikatzeko.
Horrela, Gardentasunaren Ataria 2014ko abenduan martxan egon beharko du. 1,4 milioiko aurrekontua izango du. Era berean, Gardentasunaren Kontseilua osatu beharko dute.