Politika -
Epaia
Bina urteko espetxe zigorra, Barcinari tartak jaurtitzeagatik
Gorka Ovejerok, Julio Villanuevak eta Ibon Garciak bina urteko espetxe zigorra jaso dute. Mikel Alvarezek, berriz, urtebetekoa.
Erredakzioa
Bina urteko espetxe zigorra ezarri die Auzitegi Nazionalak Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteari hiru tarta jaurtitzeagatik epaitu zituzten lau auzipetuetatik hiruri.
Gorka Ovejero Arruazuko alkateorde ohiak eta Julio Martín eta Ibon Garcia Mugitu! Elkarteko kideek bina urteko espetxe zigorra jaso dute, eta, horrez gain, 900 euroko isuna ordaindu beharko dute. Mikel Alvarez Forcada auzipetuari, berriz, urtebeteko zigorra eta hilabeteko isuna ezarri diote, tartak ez zituelako berak bota. Auzipetuak ez dira kartzelara joango, ez baitute zigor aurrekaririk.
Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoaren arabera, auzipetuak Okzitaniako Tolosan zeuden gertaera hori izan zen egunean. "Barcinari tartak jaurti zizkioten, eta Pirinioetako Lan Elkartearen bilkura eten egin zuten", epaiaren arabera, eta biktima hiru aldiz kolpatu zutela gaineratu du.
Erkidego bateko presidentearen aurkako atentatua egotzi diete auzipetuei, baina zigorra gradu bat murriztu diete, delitu horrek Frantzian zigor txikiagoa dutelako. "Erantzukizunak Frantzian eskatuko zizkietela uste izan zuten", epaiaren arabera.
Epaiketan, auzipetuek ukatu egin zuten gertatu zen egunean, 2011ko urriaren 27an, Tolosan egon izana. Horien esanetan, bat Iruñeko makrobiotika zentro batean zegoen, eta besteak etxean zeuden tarta-jaurtiketak gertatu ziren unean.
Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak ere deklaratu zuen, eta "justizia" eskatu zuen jasan zuen "erasoa" dela eta.
Fiskalak bost urteko espetxe zigorra eta 2.700 euroko isuna eskatu zuen auzipetuentzat, agintari baten aurkako atentatua egin izana egotzita. Akusazio partikularrak, berriz, bederatzi urteko zigorra eskatu zuen auzipetuetako batentzat, udal agintaria delako (Arruazuko alkateordea da), eta seikoa gainerakoentzat.
Protesta ekintza 2011ko urriaren 27an izan zen, Barcina Pirinioetako Lan Elkartean (CTP) parte hartzen ari zela, eta Mugitu Abiadura Handiko Trenaren (AHT) aurkako plataformak aldarrikatu zuen.
Plataforma horrek auzia artxibatzea eskatu zuen, eta, epaiketa egitekotan, Frantzian egin beharko litzatekeela adierazi zuen.