Politika -
20 urte ETA-k hil zuela
ETAko bi disidentek Joseba Goikoetxearen omenaldian parte hartu dute
Carmen Gisasola eta Andoni Alza ETAk duela 20 urte hildako ertzainburuaren aldeko omenaldian izan dira.
Erredakzioa
Urrats garrantzitsua eta hunkigarria bizikidetzarako bidean Euskal Herrian, ETAk indarkeria utzi eta bi urtera. Carmen Gisasola eta Andoni Alza ETAtik aldendutako preso ohiek, GALeko hainbat biktimak eta sentsibilitate askotarikoko politikariek Joseba Goikoetxea ETAk duela 20 urte hildako ertzainburuaren omenaldian parte hartu dute gaur .
Goikoetxearen senideek eta lagunek hainbat ekitaldi deitu zituzten gaur goizerako, "biktima guztiei, eta ez ETAkoei bakarrik", eta alderdi guztiei, ezker abertzaleari barne, irekita. Horrela, gainera, indarkeriaren amaiera ospatu nahi izan dute.
Hori horrela, ehunka pertsonak bat egin dute deialdirekin, hala nola GALeko biktimak (Pili Lasa eta Axun Zabala, Joxean Lasa eta Joxi Zabala ETAko kideen arrebak; eta Edurne Brouard, HBko buruzagi historikoaren alaba, kasu) eta EAJren, PSE-EEren eta EH Bilduren ordezkariak, tartean Andoni Ortuzar, Rodolfo Ares eta Laura Mintegi.
Eusko Jaurlaritzak Bake eta Bizikidetza Idazkaritzako bi kide bidali ditu ekitaldira: Monica Hernando eta Aintzane Ezenarro.
Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia, Juan Jose Ibarretxe eta Jose Antonio Ardanza lehendakariak eta Juan Mari Atutxa Herrizaingo sailburu ohi eta Eusko Legebiltzarreko presidente ohia ere izan dira bertan.
Carmen Gisasola ETAko buruzagi ohiak (talde armatuak 1998. urtean bota zuen) eta Andoni Alzak (joan den astean geratu zen aske, 'Parot doktrina'ren amaieraren ondorioz) 'Langraiz bidea'ri heldu zioten, eta egun indarkeriatik eta ETAtik aldenduta daude.
Deia biktima "guztiei"
Omenaldia Campo Volantin pasealekuan hasi dute, Goikoetxea tirokatu zuten semaforotik gertu. Hain zuzen ere, semea eskolara eramaten ari zenean hil zuen ETAk.
Ondoren, partaideak Bizikidetzaren Plazara joan dira, Isozaki Dorreetara, eta, bertan, abesbatza batek "Agur Jaunak" abestu du eta bi dantzarik aurreskua dantzatu dute.
Goikoetxearen alarguna, Rosa Rodero, oso hunkituta agertu da, eta "denei" eskertu die ekitaldian parte hartzea. Era berean, "lasaitasun urte hauetan", biktima guztiak elkartu ahal izateari "garrantzitsua" iritzi dio.
"Euskadiren alde borroka egiten jarraitu behar dugu, seme-alabak eta bilobak bakean bizi daitezen, hainbat urtetako sufrimendurik gabeko lurralde batean", adierazi du.
Ertzainburuaren alabak, Leyre Goikoetxea Roderok, ere hartu du hitza. Urtebetekoa zen aita hil zutenean. "Seguru naiz oso pozik egongo litzatekeela, Euskadi bakean eta umezurtz gehiagorik gabe ikusita", esan du.
Andoni Ortuzar EAJko presidentea ere mintzatu da (Goikoetxea alderdi horretako militantea zen), eta harentzat "abertzale eta EAJkoa izatea bizitza ulertzeko modu bat" zela adierazi du. Halaber, diktaduraren garaian preso izan zutela gogora ekarri du buruzagi jeltzaleak, "eta, ondoren, Ertzaintzan sartu zen, ordena demokratikoa bermatzeko".