Politika -
25 egun gose greban
Sevillako espetxean gose greban dauden presoak bisitatu ditu Amaiurrek
Bestalde, presoei elkartasuna adierazteko Iruñean itxialdi abiatu duten lagunek ''espetxe politika kriminala'' bertan behera uzteko eskaerak helarazi dizkiete UPNri, PSNri eta PPri.
Erredakzioa
Sevilla IIko espetxean gose greban dauden presoei bisita egin die ostegun honetan Amaiurreko ordezkaritza batek. Xabier Mikel Errekondo Amaiurrek Kongresuan duen bozeramaileak salatu duenez, bertan dauden presoek isolamendu irregularra eta ''erasoak'' pairatzen dituzte, eta, ondorioz, ''zigorgabetasun'' egoera hori eten dezan eskatu dio Gobernuari.
Presoen egoera ''oso larria'' dela azpimarratu du Errekondok, eta etengabe ''zigorrak'' jasaten dituztela salatu du.
Itxiera Iruñean
Bestalde, presoei elkartasuna adierazteko Iruñeko San Lorenzo elizan itxialdia abiatu duten lagunek ''espetxe politika kriminala'' bertan behera uzteko eskaerak helarazi dizkiete UPNri, PSNri eta PPri. Zehazki, eskutitz bana utzi dute alderdi bakoitzaren egoitzan, espetxe politika horren kontrako konpromisoak har ditzaten eskatzeko.
Presoek gose greban 25 egun daramatzatela azpimarratu dute itxialdiko lagunek.