Politika -
Botere Judizialaren Kontseilua
BJKN berritzeko ados jarri dira PP, PSOE, CiU, EAJ, IU eta UPN
Hala, Kongresuak eta Senatuak aukeratu behar dituzten zortzi bokaletatik 3 proposatu ditu PPk. PSOEk, berriz, 2 kide; eta bokal bana proposatu dute CiUk, EAJk eta Izquierda Unidak.
Erredakzioa
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren (BJKN) bokalak berritzeko ''akordio zabala'' lortu dute astearte honetan PPk, PSOEk, CiUk, EAJk, IUk eta UPNk. Horren ondorioz, Kongresuak eta Senatuak aukeratu behar dituzten zortzi bokaletatik 3 proposatu ditu PPk; PSOEk, berriz, 2 kide aurkeztu ditu; eta bokal bana aukeratu dute CiUk, EAJk eta Izquierda Unidak.
20:00etan erregistratu dute akordioa Kongresuan, Mahaiak ezarritako epea bukatzear zela.
BJKNko bokaletatik, 8 jurista aukeratzen dituzte Kongresuak eta Senatuak (Ganbera bakoitzak lau), eta zortzi jurista horiek ez dute zertan epaile edo magistratu izan behar. Osoko bilkura bukatuta, Alfonso Alonsok eman du hautatutako bokalen berri.
Kongresutik honako hauek aukeratu ditu: Nuria Diaz Abad, Alvaro Cuesta Martinez, Maria Concepción Saenz Rodriguez eta Enrique Lucas Murillo de la Cueva. Ordezko gisa Pilar Jimenez Bados, Silvia Barona Vilar eta Luis Martin Contreras hautatu dituzte.
Senatutik, berriz, honako hauek: Vicente Guilarte Gutierrez, Maria Angeles Carmona, Pilar Sepulveda eta Merce Pigem (Antonio Alvarez, Jose Maria Macias Castañis eta Isabel Valdecabres Ortiz dira ordezkoak).
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia osatuko duten beste 12 bokalak geratzen dira orain aukeratzeke. Horiek bai izan behar dute epaile edo magistratu.
Akordioa lortu aurretik, Izquierda Pluralek esan du ez zuela berritze ''ilun eta partidista'' horretan parte hartuko.
Epeak
Behin bi zerrendak erregistratuta, Kongresuko eta Senatuko Izendapen batzordeak bildu dira, hautagaien agerraldiak entzuteko.
Diputatuen Kongresuan litekeena da datorren astean biltzea batzordea, eta osoko bilkura asteartean egitea. Senatuan, berriz, hilaren 26an egingo dute batzordea, eta 27an, berriz, osoko bilkura.