Politika -

Barcinaren aurkako erasoa

Nafarroako Parlamentuak Barcinaren aurkako erasoa berriro gaitzetsi du

Barcinak 2011n Frantziako Tolosan jasandako erasoa kondenatzeko deklarazioak UPN, PSN eta PPN alderdien aldeko botoak jaso ditu. Bildu, Aralar-NaBai eta I-E testu horren aurka agertu dira.

Barcinak erasoa jasan zuen unea, 2011ko urrian, Frantziako Tolosan. EITB
Barcinari erasoa
Barcinak erasoa jasan zuen unea, 2011ko urrian, Frantziako Tolosan. EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak delarazio instituzional bat onartu du. Horrekin, Yolanda Barcinak 2011n Frantziako Tolosan jasandako erasoak kondenatzeko onartu zuen deklarazioa berretsi du Ganberak.

Ekimena UPNk aurkeztu du, eta alderdi horren, PSNren eta PPNren aldeko botoak jaso ditu. Aldiz, Bildu, Aralar-NaBai eta I-E aurka agertu dira.

Testuak dioenez, Parlamentuak "berretsi" egiten du Barcinak jasandako erasoa kondenatzeko, 2011ko urriaren 27an Ganberak osoko bilkuran onartu zuen deklarazioa.

Deklarazio horren zuzenketa eskatu du Aralar-NaBaik, Nafarroako Gobernuko presidenteari salaketa kentzeko eskatuz, baina UPNk ez du onartu.

Hedabideei eginiko adierazpenetan, Carlos Garcia Adanero UPNko bozeramaileak adierazi du deklarazio hori "garrantzitsua" dela. "Azken egunetan, gertatu zena kontu txiki bat izan zela erakutsi nahi da, baina guk instituzio baten aurkako erasoa izan zela ulertzen dugu. Ezin da ezer gertatu ez balitz bezala utzi instituzio baten aurkako erasoa", azaldu du.

Juan Jose Lizarbe sozialistak esan du 2011n onartutako deklarazioa berretsi dutela. "Lehen babesa eman genion, eta orain ere bai. Ekintza batzuk bidegabeak dira, eta bakoitzak bere bide judiziala dauka", adierazi du.

Bestalde, Maiorga Ramirez Bilduko bozeramailea merengezko tarta batekin agertu da prentsa aretoan. "Hau da delituaren arma arriskutsua, eta honengatik, hiru pertsonak euren bizitzako bederatzi urte kartzelan pasatzea nahi dute", esan du. Deklarazioa "erabat" baztertzen duela azaldu du: "desobedientzia zibil, baketsu baten aurkako harrokeria eta ankerkeria nahia erakusten du".

Patxi Zabaleta Aralar-NaBai koalizioko bozeramaileak adierazi du testuaren zuzenketa eskatu dutela, presidenteari akusazioak "premiaz" baztertzea eskatzeko.

PPNri dagokionez, Enrique Martin de Marcosek azaldu du bere alderdiak "guztiz kondenatzen" duela Barcinaren aurkako eraso "bortitza": "nafartar guztiak ordezkatzen dituen instituzio baten aurkako eraso antidemokratiko bat da". Ezker abertzalearen "kondena faltak arduratu" egiten dituela esan du. "Normalizazioa eskatzen dute, baina euren posiziotik, ekintza bortitzak eta antidemokratikoak bultzatzen dituzte".

Jose Miguel Nuin I-E alderdiko bozeramaileak aurkako botoa eman dutela adierazi du. "Parlamentuak posizio politikoa hartzeko erabakia eta momentua 2011ko urrian izan zen. Orduan jada eman genuen aldeko botoa. Orain justiziaren ordua da", esan du. Ekintzak baztertzen dituzten arren, akusatuen aurkako zigorra "gehiegizkoa" iruditzen zaiela gehitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea